Saltoka saltoka

Berriki amaitu zaizkigu herriko jai nagusiak. Edozein jai edo ekitaldiko edizio bakoitza amaitzen denean (Zinemaldia, Jazzaldia, sanferminak…) antolatzaileek berehala esan ohi dute hurrengo urtekoari begira jarrita daudela, bukaeraren goibela argitu nahian edo! Ez zait halakorik gertatu sanpedroak amaitzerakoan

Berriki amaitu zaizkigu herriko jai nagusiak. Edozein jai edo ekitaldiko edizio bakoitza  amaitzen denean (Zinemaldia, Jazzaldia, sanferminak…) antolatzaileek berehala esan ohi dute hurrengo urtekoari begira jarrita daudela, bukaeraren goibela argitu nahian edo! Ez zait halakorik gertatu sanpedroak amaitzerakoan. Ostegun, ostiral eta larunbat gauaren ilunpean ibili ondoren, egun argitan gozatzeko programak jasotako ekitaldietan egon ondoren, barraketan sos batzuk "inbertitu" ondoren, ez zait berehala hurrengo urteko jaiekin pentsatzen jartzeko indarrik geratu. Hori iruditzen zait gainera naturalena. Dena ematen duenari atsedena egokitzen zaio, ez joandako saltsaren berrizmina.

Nolanahi ere, hor ibili gara dagoeneko 33 urte gurekin daramatzan bluxa soinean hartuta saltoka saltoka. Adinean aurrera egin dute nire kuadrillakoek, eta nik ere bai haien pare, baina gorputzean besterik ez da somatzen joandako denboraren zantzuren bat. Adimenez, animoz eta gogoz aberats gaude, kantuak dioen bezala, eta ez dugu gertu ikusten errendiaraziko gaituen sanpedroetako ediziorik. Hamaika aldiz kontatu izan dudan bezala, orain gutxiko ekainaren 28etako batean, Intza elkartean afaritan, gutako batek galdetu zuen ea noiz amaituko zitzaigun festarako grina. Elkarri begiratu eta erantzuna garbia izan zen: herriko jaiei ez diegu berehala uko egingo, ezta elbarri bagaude ere. Eramango gaituzte afari berezi horretara seme-alabek. Ez dugu gutxiago merezi. Ron iragarki batek esaten zuen bezala: hartuko dugu atseden…hiltzen garenean.