"Esperientzia bakarra da". Eta ez da harritzekoa; 3,8 kilometro igeri, 180 bizikletan, eta amaitzeko, nahikoa ez eta maratoi bat (42 kilometro lasterka). Hirugarrenez egin du Guillermo Trombottik (Rosario, Argentina, 1977) distantzia luzeko triatloia. Joan den igandean osatu zuen erresistentziako proba, Gasteizen. 12 ordu eta 12 minutu behar izan zituen. Ahaleginaren ostean, pozarren eta saltoka ikus daiteke azken metroetan, helmugan grabatutako bideoan. Ez baita nolanahiko erronka. Errekuperatzen dabil aste honetan, oraindik zertxobait minduta. Baina ez du zalantzarik: "Hurrengo urtean bueltatuko naiz Gasteizera".
Bigarren urtez egin duzu Gasteizko distantzia luzeko triatloia. Zer du proba horrek errepikatzeko?
Izugarria da. Hiri osoak bultzatzen zaitu, denak oso inplikatuta daude triatloiarekin eta probarekin. Esaten dute triatloiaren hiria dela. Behobia-Donostia lasterketaren giroa arnastu daiteke.
Igandean izan zen proba. Egun batzuk lehenago joan zinen hirira.
Bai, Gasteiz oso ederra da, eta asteburu osoa aprobetxatu genuen familian, turismo pixka bat egiteko.
Nolakoa izan da hirugarren distantzia luzeko proba? Denbora aurreikuspenak bete dituzu?
Espero baino hobeto. Zortzi minutu jaitsi ditut aurreko marka. Horrelako proba batean oso ondo kontrolatu behar duzu zeure burua. Sektore batean indartsuegi bazoaz, litekeena da hurrengoan sufritzea ondorioak. Aurten bizikletan hobeto ibili naiz, baina gero maratoian majo sufritu nuen.
Nola prestatzen da horrelako proba bat? Zenbat denbora behar da?
40 asteko plan bat jarraitu dut. Gorputzak ohitu egin behar du horrelako erresistentzia probetara. Planaren helburua proba bukatzea da, ahalik eta txukunenen.
Elikadura ere zaindu al duzu?
Ez gehiegi, egia esan. Proba gerturatu ahala saiatu naiz garbiago jaten.
Uribarri Ganboa urtegian egin duzue igeri. Lehenengo esfortzua da hori. Nola hartu zenuen igeriketa?
Ez dut oso gustuko igeri egitea, baina eutsi egin behar zaio. 1.900 metroko zirkuitua osatu behar izan genuen bi aldiz, tartean metro batzuk lehorrean eginda. Haize pixka bat zegoen, baina ez dago korronterik; igerileku baten antzekoa da. Proba luzeetan ez dago horrenbesteko aglomeraziorik, taldeak luzatu egiten dira; ez dituzu horrenbeste kolpe jasotzen. Lehenengo ahalegina da, eta fresko zaude oraindik.
Bigarren sektorea da bizikletarena. Aldapatxo batzuk bazituen ibilbideak, ezta?
Bai, baina ezin dira alderatu hemen inguruko mendateekin. Lasarte-Oria inguruan entrenatzen baduzu, errazagoa egiten zaizu gero leku lauago batera joaten bazara. Hori bai, izugarri polita da ibilbidea, eta ia denentzako egingarria.
Egon dira kexa batzuk drafting-aren inguruan. Askok ez omen dute errespetatu gurpila ez hartzearen debekua.
Bai, harritu nintzen; tropeltxo batek aurreratu zidan. Arriskutsua ere bada, bizikleta askok ez baitute balazta akopleetan.
Bizikletako esfortzuak eragina izango zuen maratoiaren orduan. Zer moduz egin zenuen korrikako sektorea?
Laua da ibilbidea, baina hiri barruan sartzean, bira asko ditu; hori da txarrena. Maratoian hasten dira komeriak. Askok oinez egin behar izaten dute. Eskerrak jende asko dagoela bide bazterrean animoak uneoro ematen.
Iaz Donostiako maratoia 3:12 denboran egin zenuen. Igandeko triatloikoa, berriz, 4:22. Hor ikusten da ordurako gorputzak jasotako zigorra.
Ez du zerikusirik bata bestearekin. Beste kirol bat da. Maratoi normal bateko anoa postuetan ez da inor geratzen, ura hartu eta korrika jarraitzen dute. Distantzia luzeko triatloi batean ohikoa da lasaiago hartzea, minutu pare batez atseden hartzea, jan eta edateko. Nire ustez, benetako lasterketa hasten da maratoian. Hor ikusten da nola zauden, aurreko sektoreak nola eragin dizun. Erretiratzen diren gehienak korrikako sektorean egiten dute. Ni egon nintzen gelditzeko zorian.
Fisikoki ongi prestatzeaz gainera, psikologikoki ere indartsu egon beharko zara.
Noski. Buruak agintzen du. Oinarri bat izanda, buruak esaten badizu bukatu dezakezula, ia ziur iritsiko zarela helmugara. Arreta piztu zidan: gizon asko ikusi nituen oinez maratoian. Emakumeak, ordea, bat bera ere ez. Agian da indartsuago direlako psikologikoki.