Bizikletak garbitzeko gunea, Askatasunaren parkean

Bizikletak garbitzeko gunea, Askatasunaren parkean
Aurrekontuei begira egindako parte-hartze prozesuan herritarrek bizikletak garbitzeko gunea eskatu zioten Udalari. Askatasunaren parkean jarrri dute lehenengoa

Lasarte-Oriako bizikletak garbitzeko lehen gunea martxan da. Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek eta Jose Mari Urdampilleta Zerbitzuetako atal buruak aurkeztu dute gune berria. 

Alkateak aurrekontuen parte-hartze prozesuan txertatu eta herritarren onespena jaso zuela azaldu du. Lasarte-Oriako herritarrek txirrindularitzarako zaletasun handia dute eta Saiatuz elkarteak urteetan Kirol arloari eskatutako gunea zela ere azpimarratu du. "Usurbilen horrelako gune bat dute eta Lasarte-Orian ere horrelakoa egiteko eskaera egin zuen elkarteak. Izan ere, orain arte, kotxeen guneetara joan behar zuten bizikleta garbitzeko".

Hala ere, parte-hartze prozesuko aurrekontutik kanpo egin dela ere jakitera eman du. "Brigadak egindako lana izan da".

Askatasunaren parkeko komunen ondoan egokitu da bizikletak garbitzeko gunea. "Txirrindulari gehienak Hipodromo aldetik sartzen dira herrira eta bizikleta garbitzeko kokagune aproposena hau dela deritzogu". Gunean ur mahuka bat eta bi bizikleta garbitzeko lekua dago. Ura irtetzeko mahukaren gainean dagoen botoiari eman behar zaio. Botoiari sakatzen zaion bakoitzean 30 segunduko ur jarioa izango dute erabiltzaileek.

Bigarren gune bat ere jarriko dela aurreratu dute agerraldian. Zabaleta Berri auzoko parkean izango da. "Zabaleta auzotik barrena ere txirrindulari asko sartzen da herrira eta bertan jarriko da bigarren gunea. Askatasuneko parkekoaren antzera komunaren ondoan egongo da," azaldu du alkateak.

Herritarren gustuko gunea izatea espero dute udal ordezkariek eta gaztetxoei, batez ere, gunea errespetatzeko deia egin dute. "Ez baitira ur jolasetan ibiltzeko guneak".