Oriarte Institutuko ikasleek ikasturtean egindako film laburra aurkeztu dute Manuel Lekuona kultur etxean. Trenaren hotsa izenburua jarri diote ikus-entzunezkoari, eta Julen izeneko gaztetxo bat da protagonista. Udal ordezkari, senide eta ikaskideekin batera, ekitaldi xume batean ikusi ahal izan da ikasleen lana.
Julenen gurasoek gauez egin behar dute lan urte osoan, eta ezingo dute semearen zaintzaz arduratu. Horren ondorioz, amonaren etxera doa, leku berri batera bizitzera. Triste, kezkatuta sentitzen da, egoera berriarekin beldurtuta. Institutura gerturatu eta bertako ikasleak ikusten ditu elkarrekin jolasean. Urrunetik begiratzen ditu hasieran, ez da gerturatzera ausartzen, eta trena hartu eta etxera joateko saiakerak egin arren, ausardiari heldu, eta gelakideekin jolastera animatzen da azkenean. Hortik aurrera lagun taldean eroso sentitzen da Julen.
Bartzelonan lehiaketa
Ekaina hasieran Kataluniako Filmotekan aurkeztu zuten lana, eta nazioarteko taldeekin lehiatu ziren bertan.
Zinema en curs 2005-2006 urteetan Katalunian sortutako proiektu pedagogikoa da, eta horren helburu nagusia zinema hezkuntzaren testuinguruan txertatzea da. A Bao A Qu kultura elkarteak sustatutako ekimena da, eta sortu zenetik 3 eta 18 urte bitarteko 30.000 gazte baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko, izan ere, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan landu da egitasmoa. Kataluniako, Galiziako, Madrilgo, Berlineko, Brandenburgoko eta Txileko ikastetxeak aritu dira orain arte.
2017an Euskal Herrian
Orain urtebete gehitu da Euskadi zinemagintza eta pedagogia proiektura. Tabakalera eta Elias Kerejeta zine eskolaren eskutik hasi dira lanean, baita A Bao A Qu kultur elkartearen laguntzarekin ere. Aurtengoa izan da beraz, Euskal Herrian egin den lehena, eta Oriarteko ikasleak izan dira aitzindari.
Bi helburu nagusi
Haur eta gaztetxoen zinema sorkuntza edo arte gisa deskubritzeko aukera eskaintzearekin batera, zinemagintzaren bidez pedagogia lantzea dira proiektuaren helburu nagusiak. Horrela, ikasturteak iraun bitartean, zinema ikusi eta ariketa hainbat egiteko aukera izateaz gain, zinemagileak izaten dira.
Prozesuan, irakasle eta laguntzaileekin batera, zinemagile bat izaten dute bidelagun; Oriarteko Institutuko ikasle lasarteoriatarrek Mikel Gurrea izan dute ondoan. Bera arduratu da zinema nola egiten den transmititzeaz.