Giro ezin hobean igaro da arratsaldea

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ekainaren 29a

San Pedro eguneko arratsaldean adin guztietarako ekintzak izan dira

Sorgin Jaietako lagunak bazkal oste musikatua izan dute. Mailen aristegi gazteak doinu ezagunak eskaini ditu gitarraen doinuak lagun zituela. Ostean, koadrillek Sorgin olinpiadak egin dituzte.

Haurrek Andatza plazako parkean edo barraketan gozatzeko arratsalde ederra izan da. Gaztetxoenak berriz, xexenen aurrean ibili dira.

Erraldoi eta Buruhandien konpartsak eta Ttirriki Ttarrakaren doinuek herriko kaleak alaitu dituzte. Ez dira bakarrak izan. EuskOrleans Dixi Bandak doinu euskaldunen  jazz moldaketak eskaini dituzte.  Biyak Bat konpartsako kideek gorputza ederki mugitzen dutela erakutsi dute, Gau Txori txaranga lagun.

Okendo plazan, berriz, herriko sagardoa dastatu ahal izan da Ttakun elkartearen eskutik. Eguraldia aproposa izan da sagardo freskoa edan eta Aterpea Merkatari elkarteak prestatutako sardinak jateko.

Plaza dantzako doinuak ere entzun dira plazan. Herritar ugari animatu da muxiko, fandango edo arin-arinak dantzatzera.

Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu diren herritarrek, berriz, txirigoten emanaldi ederra ikusi ahal izan dute. Aurten gainera, nesken talde bat izan da, Las guerreras de la tribu del totem goro.

Arratsaldeko ekitaldien argazki eta bideoak ikusgai daude gure galerian.