Sorgin Dantza eta Erketzen txupina

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 28a, 22:24

San Pedro bezperan euskal dantza taldeak bota du helduen txupina, goizean dantzari gaztetxoenek egin ostean. Tradizioari jarraikiz, Oriatik Okendora egin du bidea Sorgin Dantzak

Esan daiteke ofizialki hasi direla festak. Atzo Sorgin Jaiek bota zuten txupina. Goizean txikienek. Eta arratsaldean, Erketz EDT taldeko dantzariek leherrarazi dute Okendo plaza. 50. urtemuga dela eta, aurten dantza taldea omendu du Lasarte-Oriak. Txupinarekin batera, koloretako puxikak eta serpentinak bota dituzte udaletxeko balkoitik plazara. Algaraz eta umore onez erantzun du Okendoko jendetzak. 

Aurretik, ordea, tradizioari jarraikiz, Oriatik abiatu da Sorgin Dantza. Guztira 300 haur baino gehiagok parte hartu dute, eta erakutsi errotutako ohitura dela. Dantzan zeharkatu dute herria, gurasoen laguntzarekin batzuk. Plazara iristean dantzari gehiago batu zaizkie, eta kalejiran aritu dira txupina bota arte. Erketzeko dantzari Ainara Adurizek hartu du hitza gero, hunkituta; jai ederrak pasatzea opa die lasarteoriatar guztiei. Gehiago itxaron gabe, suziria piztu, eta festak eztanda egin du Okendo plazan.

Los Fonotarecos bikote zoro eta dibertigarriak eskaini du emanaldia ondoren, plazan bertan. Barrez lehertu dira ikus-entzuleak, bi protagonisten ateraldiekin. Bien bitartean, Oriarte BHI pareko plazatxoan musika izan da protagonista. Sorgin Jaiek urtero antolatzen du kontzertu sorta bat, eta aurten ez dute hutsik egin: Arrotzak, Apalatxe, Paniko eta Hara! taldeek dena utzi dute oholtza inprobisatu gainean. Ekitaldi musikal gehiagoz ere gozatu dute herritarrek gaur: Biyak Bat adinekoen egoitzako koruak eta Mutrikutik etorritako Anaiarte biltokiak ikuskizun bikaina eskaini dute Brigitarren komentuan.

Gauean jarraituko du festak herrian. Ekitaldirik ez da faltako: zikiro afaria, ATLOren danborrada, DJ Albabarruna, La Basu rap abeslariaren kontzertua, eta beste hainbat.