Sorgin Jaiek su eman diote festari

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 27a, 21:14

Zabaleta Auzolan elkarteko kideek bota dute suziria Okendon. "Jaiak borrokarako gune ere badira"

Hasi dira festak Lasarte-Orian. San Pedro bezpera bihar da, baina Sorgin Jaiak aurreratu dira, eta Okendon txupina bota dute jaiak abiatzeko. Aurten Zabaleta Auzolan elkarteko kideei eman diete suziria, urte hauetan guztietan eginiko auzolanagatik. Suziria botatzean lehertu da festa, Zabaletako abestia kantatzeari eta dantzatzeari ekin diotenean. Igandera arte goiz, arratsalde eta gau egongo da ongi pasatzeko aukera herrian. Hemen txupinaren argazki galeria. 

Kuadrillen jaitsierak girotu du arratsaldea, motorrak berotu dituzte-eta gazteek eta ez horren gazteek. Ilargi, Trumoi, Avenida eta Insausti tabernetan jo dute The Garage eta herriko beste hainbat taldek. Jende ugarik egin du kalejira musikariekin batera, eta gero zuzendu dira Okendo plazara, txupinazora. 

Halere, aurreko egunetan egon dira beste ekitaldi ugari. Esaterako, gimnastika erakustaldi bikaina egin zuten Lasarte-Oriako Biyak Bat egoitzako kideek astelehen arratsaldean. Partaide mordoa bildu zirenMaialen Chourraut kiroldegian, urtean ikasitakoak senitartekoei erakusteko. Askotariko mugimenduak egiten fin ibili dira; lehenengo hankak berotu dituzte, besoak gero eta baita eskumutur eta lepoaldeak ere. Elkarteko kamiseta soinean jantzita, dotore aritu dira maisuaren gidaritzapean, eta ezin hobeto erakutsi dituzte ikasitakoak. 

Asteazken arratsaldean, berriz, mahai jokoetako sariak banatu dituzte Biyak Bat egoitzan. Ekintza honetan ere parte hartze handia izan dute, baina horietatik guztietatik batzuk lortu dituzte sariak. 

Joko askotan aritu dira erretiroa hartutako kideak. Karta-jokoez gain, dominoan, tokan, igel-jokoan eta botean ere aritu dira norgehiagoka, eta guztira 48 saritu izan dira aurtengo lehiaketan. Parte hartzaile batek baino gehiagok sari bat baino gehiago lortu du.

Albokaka ikasturte amaierako emanaldia

Doinu atseginez bete du Lasarte-Oriako Alboka abesbatzak Brigidatarren Komentua. Ikasturteari amaiera eman, eta jaiak hasteko, emanaldia eskaini dute. Herritarrez lepo bete da kapera.