Gizarte Zerbitzuetako langile taldea indartzeko urratsa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 27a, 14:26

Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuak "langile faltan" daudela salatu du EH Bilduk. Mozioa aurkeztu du azken udalbatzarrean eta, oposizioko alderdi guztien babesarekin, Udal Gobernua behartu du departamentu horretako langile taldea indartzeko mahai bat sortzera

Sei profesional ari dira jardunaldi osoz lanean herriko Gizarte Zerbitzuen departamentuan. EH Bilduren kalkuluen arabera, hamabost langilek egon beharko lukete beharrean, zerbitzua eraginkorra izateko: "Legeak zehazten du itxaron denborak astebetekoa izan behar duela, gehien jota; gaur egun, bi hilabete ere itxaron behar dituzte herritarrek artatuak izateko. Biztanleon eskubideak urratzen dituzte itxaron zerrenda luze horiek". Hori dela eta, azken udalbatzarrean mozio bat sartu zuen alderdiak eta, oposizioko kide guztien babesarekin, Udal Gobernua behartu du langile taldea indartzeko mahai bat sortzera. "Kanpoko langile espezializatuek" emango dute aholku.

Profesional bat 1.500 biztanleko

Gizarte Zerbitzuak "langile faltan" daudela salatu du EH Bilduk. Legeak argi dio: 1.500 biztanleko profesional bat. "Gainera, zonalde espezialean dago gure herria, langabezi tasa altua duelako; %25 handitu beharko lukete plantilla Gizarte Zerbitzuek". Hamabost behargin beharko lituzke departamentuak, zerbitzu aproposa eskaintzeko: zerbitzu sozialen eta eskubideen inguruan herritarrak informatu, menpekotasun eta babesgabetze egoeren balorazioa egin, familien egoeraren arabera diagnostikoak egin eta herritarrak orientatu. 

"Ezinbesteko errefortzua"

PSE-EEri kargu hartu dio EH Bilduk, bere hitza bete ez duelako: "Badakigu bederatzi profesional kontratatzeak inbertsio handia eskatzen duela epe ertainera, baina Atsobakar adinekoen egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiari utzi ziotenean, bertan aurreztutako dirua Gizarte Zerbitzuak hobetzera bideratuko zuela esan zuten sozialistek, baina departamentu horretara ez da sosik iritsi".

Lasarte-Oriako 4.340 biztanlek 65 urte beteak dituzte, eta 1.000 baino gehiagok, 80 urte edo gehiago dituzte. Azken urteetan "esponentzialki" igo dira kopuru horiek, eta datozen urteetan igotzen jarraituko dutenez, "ezinbesteko errefortzua" dela uste du EH Bilduk: "Alderdi guztion artean adostasun minimoak lortzea espero dugu, lehentasunezko udal zerbitzu hori indartzeko".