Bost tailer eta bost ipuin kontaketa saio izango dituzte gazteek uztailean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 26a, 12:30
Herriko bost auzotako auzo elkarteen laguntzaz, hamar tailerretan parte hartuko dute gaztetxo lasarteoriatarrek uztailean

San Fermin egunarekin emango diote hasiera udako tailerrei. Uztailaren 7an, Atsobakarren egingo dute lehena. Semblante Andaluz elkartearen laguntzaz, kamisetak tindatzeko aukera izango dute 11:30etik 13:30era. Udalak jakinarazi du gaztetxo bakoitzak eraman behar duela margotzeko kamiseta.

Egun berean, eguerdian, Sasoeta auzora lekualdatu, eta ipuin kontaketa saioa izango da, Lur Usabiaga kontalariaren eskutik. Sasoeta Sasoian elkartearen laguntza izango dute.

Uztailaren 14an, Sasoetan jarraituko du tailerrak. 11:30etik 13:30erako ordutegia izango du, eta aurpegiak modu dibertigarrian margotzen ikasteko aukera izango dute gaztetxoek. 

Eguerdian, berriz, Zabaleta Auzolan elkarteko kideen laguntzarekin, ipuin kontaketa saioa eskainiko du Lur Usabiagak Zabaletan.

Uztailaren 16an hirugarren tailerra egingo da Orian. Astelehenez egitea erabaki dute Oriako festak aprobetxatzeko, eta bi tailerrak bertan egingo dituzte. 11:00etatik 13:00etara aurpegiak margotzeko aukera izango dute, eta 13:00etatik 14:00etara ipuin kontaketa saioa izango da.

Uztailaren 21ean txapak egingo dituzte gaztetxo lasarteoriatarrek Zabaletan, 11:30etik 13:30era bitartean. Eguerdian, aldiz, Zumaburun izango da ipuin kontaketa saioa. 

Astebete beranduago Zumaburu auzoko Isla plazan zapitxo tailerra egingo dute (11:30-13:30). Eguerdian, Atsobakarren izango da azken ipuin kontaketa saioa.

Hizkuntza eta adina

Udaleko arduradunek jakinarazi dute tailer bakoitzeko hemezortzi gaztetxok parte hartu ahal izango dutela. Horrez gain, 11 urtera arteko adina izan beharko dute saioetan parte hartu nahi dutenek. Dena den, tailerretan parte hartzeko tokiak libre geratuko balira, beste adinetakoek ere izango dute parte hartzeko aukera. 

Euskaraz eta erdaraz izan daitezke tailerrak, baina ipuin kontalariak euskaraz eskainiko ditu bere saioak.