San Joan eta gero, San Pedro

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 24a, 18:58

Lasarteoriatarrek urteko gauza txarrak eta eskolako apunteak bota dituzte San Joan sutara, Andatza plazan. Sua piztu aurretik dantzan aritu dira Erketz EDTko kideak, Zero-Sette akordeoi taldearen eta Alboka abesbatzaren laguntzarekin

San Joan eta gero, San Pedro dator Lasarte-Oriara. 365 egunez itxaroten egon ostean, iristear dira festak herrira. Aurrekari gisa, hainbat ekintza ari dira ospatzen herritarrak egunotan; berezienetako bat da San Joan sua. Lasarteoriatarrek ez dute aukera galdu eta urteko gauza txarrak erre dituzte garretan. Hainbat ikasle ere hurbildu dira sutara, apuntez betetako poltsak eskuetan. Oporrez gozatzeko garaia dute orain.

Urtero bezala, udaletxe zaharreko arkupeetan elkartu ziren Erketz EDTko dantzariak, atzo, 21:30ean. Talde argazkia atera, eta Andatza plazarantz abiatu aurretik, kaleetan barrena egin zuten dantza. Udal korporazioko hainbat kide ere animatu ziren: Agustin Valdivia, Maite Iglesias eta Nuria Fernandez (PSE-EE); Pablo Barrio (EH Bildu); Arkaitz Naya eta Alicia Garcia (LOAD); eta Jon Antxordoki (EAJ). Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso eta Jose Mari Urdanpilleta zinegotziek (PSE-EEkoak hiruak) eta Leire Elizegi zinegotziak (EH Bildu) ere ordezkatu zuten udala atzo.

Andatzara iristean, San Joan suaren zortzikoa dantzatu zuten Erketzeko kideek. Zero-Sette akordeoi orkestra eta Alboka abesbatza arduratu ziren gaua girotzeaz. Ondoren, 22:00ak aldean, alkateak piztu zuen sua. San Joan suaren garrek are gehiago berotu dituzte lasarteoriatarren motorrak; hiru egun besterik ez dira falta Sorgin Jaiak hasteko, eta lau sanpedroetarako. 

Argazki galeria