'La Basu': "Ongi pasatzeko, festa eta borroka behar dira"

Adrian Garcia 2018ko eka. 25a, 11:00
Euskaraldiaren aurkezpenean eman zituen Caballerok bere musikaren zertzelada batzuk. San Pedro bezperan erritmo biziko abestiekin Okendo plaza dantzan jartzeko asmoa du

Dagoeneko badaki Elena Caballero La Basu-k (Etxebarria, Bizkaia, 1983) zer den Lasarte-Orian oholtza gainean kantatzea. Euskaraldiko hamaikakoteko kidea da abeslaria, eta haren doinuek lagundu zuten herrian ekimena aurkezten. Datorren astean bueltan izango da bizkaitarra, San Pedro bezperan kantatuko baitu Okendon. "Rapa beste estiloekin nahasten dut. Jendea dantzaraztea dut gogoko". 

Beti ibili zara musikaren munduan, baina zure lehenengo euskara hutsezko diska iaz atera zenuen. Zergatik erabaki zenuen pauso hori ematea? 

Nire inguruko jendeak ez zekien euskaraz hitz egiten, eta ni gazteleraz hasi nintzen abesten. Selekta Kolektiboa bazegoen, baina bestela inork ez zuen rapa euskaraz egiten. Ameriketatik zetorren korronte bat zen, orduan ez zegoen politikoki ongi ikusita. Baina konturatu nintzen ez zegoela rapa euskaraz egiten zuen emakumerik. Hamabost urte neramatzann euskaraz hitz egin gabe, eta erronka moduan hartu nuen hizkuntza berreskuratzea.  

Zaila izango zen berriro ere hizkuntzari heltzea? 

Erabat ahaztuta neukan. Nire inguruko jendeak ez du hitz egiten, eta praktikatzeko modurik ez nuen. Etxean ikastea gauza bat da, baina kalean hitz egiteko ez nuen modurik. Hasieran lotsa ematen zidan, baina poliki-poliki  atera dut. Harro eta pozik nago. Koadernoa zirriborroz betea dut. 

Euskara hizkuntza zuzena eta sinplea da. Raparentzako egokia al da? 

Oso zaila egin zait rapera eramateko. Badauka gauza eder bat: ez du generorik. Baina plurala egiteko hitz guztiak amaitzen dira k-rekin; benetan zaila da errimak egiteko. Ez dut hiztegi zabal bat euskaraz, eta kosta egin zait. Baina posible da, eta ari dira ateratzen talde indartsuak. Euskal raparen momentua da orain. 

Hamaikakoteko kide zara. Eredu ona zara, ongi ahaleginduta euskaldundu zarelako, ezta? 

Ez dakit eredu bat naizen. Nik egoera hori bizi izan dut, eta ahalegin hori defendatzen dut. Jende askok daki euskaraz, baina gaztelerara jotzen dute, agian lotsagatik edo  gehiegi pentsatu behar dutelako, niri gertatu zitzaidan bezala. Nik ere erderaz pentsatzen dut, eta hitz egiteko orduan euskarara itzultzen dut. Nire esperientzia baliagarria izan daiteke jendea animatzeko. 

Zure inguruan nola eragingo du Euskaraldiak? 

Nire auzoa beti izan da oso gatazkatsua. Inoiz ez da euskaraz hitz egin. Etxe berriak egin dituzte, eta jende gaztea etorri da. Haien seme-alabek bai egiten dute euskaraz, eta gehiago entzuten da. Nire auzoan ez dut inoiz euskaraz entzun, baina orain bai aritzen dira. 

Hizkuntza ohiturak astintzeko, rapa izan daiteke tresna egokia gazteak euskarara erakartzeko, ezta? 

Dirudienez, rapa boladan dago orain. Azken finean, kalearen oihartzuna da; gizartean gertatzen diren gauzez hitz egiten dugu. Euskara gehitzen badiogu horri, plana bikaina da. Tailerrak ematera joaten naizenean denek dakite zer den, nola funtzionatzen duen... Jendea bertsolaritza entzutera ohituta dago, baina rapa indartsuagoa da, errazagoa. Bertsolaritza oso karratua da; raparekin gehiago jolas dezakezu hizkuntzarekin, instrumentuekin... 

Abestiak erabiltzen dituzu aldarrikapenak egiteko. Askatasuna eta emakumeak asko aipatzen dituzu zure kantuetan.  

Bai, asko. Nik pentsatzen dut pertsona guztiak libre izan behar direla. Popa eta rapa beti izan dira gizonenak. Niri tokatu zait hamar urtean emakume bakarra izatea Euskal Herrian. Nire bizitzan gertatzen diren gauzez hitz egiten dut, ongi ezagutzen ditudanetaz. Niretzat rapa da buruan ditudan gauza guztiak kaleratzea. Ongi pasatzeko, festa eta borroka behar dira. 

Matxista al da raparen giroa?

Bai, eta izango da urte askoan. Hogei urte daramatzat abesti  horien aurka egiten. Eta, gainera,  orain trapa sortu dute, askoz ere okerragoa. 

Rapean dabiltzan emakumeen lanak zabaltzeko proiektua ere hasi zenuen, Eskina Femenina izenekoa. 

Urte piloa egon naiz ni bakarrik. Emakume askok kantatzen dute ere, baina jendeak bakarrik gizonak ezagutzen ditu. Tailerretara joaten naizenean gizonak bakarrik aipatzen dituzte, ez diete garrantziarik ematen emakumeei. Badirudi ez dugula dirurik ematen. Youtuben kanal bat egin genuen;  emakume abeslarien 1.800 bideo daude. Txinatarrak, Palestinakoak... toki askotakoak. Idazketa tailerrak ematen ditugu, rapeatzen erakusteko. Baita gizonei ere; izan ere, niretzat oso garrantzitsua da haiek jakitea zer den emakume batentzat rapeatzea. Duela lau urte Bazter Fest hasi ginen antolatzen; oholtzara emakumeak bakarrik igotzen dira. Beharrezkoa da emakumeengan apustua egitea, erreferente berriak sortzea.  

Emakume gutxi, eta horietatik euskaraz egiten dutenak, are gutxiago.  

Lau gara. Jendeak esaten du gauzak aldatzen ari direla. Baina lau gara; horrek esan nahi du gauzak ez direla horrenbeste aldatu. Emakumeek gizonek baino hobeto idazten dute, baina gero ez dira ausartzen oholtzara igotzera. Beldur gehiago dugu, ea besteek zer esango ote duten. Aldatzen dira gauzak, baina oso poliki.