50 urte euskal kultura sustatzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 27a, 11:00
Ehundaka kide, milaka ekintza, irakaskuntza eta bizipen… ez da erraza Erketz EDTren 50 urteko ibilbidea laburtzea. '1968-2018. Etenik ez duen soka' liburuak aurten omendua izango den taldearen historia gerturatu die herritarrei

1966 urtean ereiten hasi zen Erketz EDTren hazia, Eusko Gaztedik Usurbilgo Aginaga Auzoan egindako topaketaren ostean. Santa Barbara elkartearen babespean, Luisa Muguruza, Juani Telleria, Ramoni Irulegi, Itziar Iartza eta Arantxa Arteagaren lan eskergari esker, bi urte geroago jarri zen martxan dantza taldea. Urte horietan guztietan, kide kopuruan gorabehera asko izan ditu, bidaia ugari egin eta ekimen arrakastatsuak eraman ditu aurrera. Hala ere, beti eutsi dio helburuari: euskal kultura eta dantzak sustatzeari. Taldearen urrezko ezteiak direla eta, urte osoko egitaraua antolatu du elkarteak, baina herriaren esker ona ere jasoko du Erketz EDTk:  San Pedro jaietako omendua da.

Dantza taldeak baditu bere sorreratik hainbat bereizgarri; euskal dantzak lekuan-leku diren moduan jaso eta taularatu ditu. Maider Galardik 1968-2018. Etenik ez duen soka liburuan jaso du mende erdi horren kontakizuna. Hastapenean, herrian zegoen gizon taldeak Donostiako Argia eta Andoaingo taldeko kideen eskutik jaso zituen lehen pauso eta irakaspenak, baina segidan hasi ziren Euskal Herriko herrietatik barrena bidaiatzen. Lan horren ondorioz, Tolosako Urrezko txapela irabazi zuen 1970ean. 

Txapelketa horretan ez zen dantza bakarrik hartu kontutan; emanaldia bere osotasunean aztertzen zuten. Horren barruan jantziak daude. Eta, hain zuzen,  hori da taldearen altxorra. Erketzek dantzen jantzi bereizgarriak erabiltzen ditu, "dantzari koherentzia ematen" baiote. Mimoz egin eta konpondu eta zaindu dira urte hauetan guztietan. Horri esker, Euskal Herriko dantzen  ehun jantzi baino gehiago dituzte. Horien lagin bat ikusi ahal izan zen martxoan antolatu zuten desfilean.

Bestalde, musikari talde propioa du Erketzek. Hernaniko txistularien laguntza izan zuten lehen emanaldietan, baita Juan Antonio Urbeltzekin ikasten ari ziren herritarrena ere. Musikarien beharra zegoenez, dantzariek txistua edo behar zituzten instrumentuak ikasi zituzten. Horrela, belaunaldiz belaunaldi elkarri txistua irakatsi zieten.

1983an, Kroaziako bidaian, musika banda beharrezkoa zela ikusi zuen taldeak. Musika taldean ere dantzakide ugari izan dira. Musika ikasketak dituzten herritarrak edo ezagutzarik ez dutenak, guztiak Erketzeko kide dira. Horregatik, taldearen emanaldietako parte dira ere, eta taldearekin bidaiatzen dute bazter guztietara. Era honetara, gainera, haiek ere herrietako dantzen doinuak jaso dituzte.
Frantzia, Jugoslavia, Polonia, Italia, Austria, Belgika, Grezia, Portugal... anitzak izan dira Europa barruan euskal kultura erakusteko taldeak egindako bidaiak. Atlantikoa ere gurutzatu zuten, 1999. urtean. 
Baina bidaia horietaz gain, eguneko edo asteburuko irteerak  ere egin dituzte Euskal Herriko eta Espainiako hainbat hiriburu eta herritara. Leku horiek guztiak ezagutzeaz gain, elkarrekin bizi eta taldean lan egiten ikasteko balio izan diete.

Ekimenak

Erketz EDTk hainbat ekimen abiatu ditu urte hauetan guztietan. Esate baterako, euskara klaseak eskaini zituen. Badira herrian arrakasta handia izan duten beste ekintzak ere.

Esaterako, Nazioarteko Folklore Jaialdia 1981ean antolatu zuen lehenengoz. Portugaleteko Elai Alai taldeak egiten zuen nazioarteko jaialdiaren harira, aukera eskaini zioten herrira taldeak ekartzeko. Gipuzkoan ez zegoen horrelakorik; berrikuntza bat zen. Lan handia izan zen taldearentzat lehen edizio hura antolatzea.

Baina horri esker, 27 urtean munduko folklorera leihoa ireki zen. Mexiko, Korea, Hungaria... Munduko herrialde guztietako taldeak etorri izan dira Lasarte-Oriara. Eta elkartrukeak lotzeko aukera ere eman zion Erketzi.

Horrez gain, 30 urte daramatza  Euskal Herriko dantzari txikien topagune bihurtu den jaialdia antolatzen: Dantzari Txiki Eguna. Lehen edizioan inguruko taldeak gonbidatu zituen. Egun, Euskal Herriko taldeak eta Lasarte-Oriakoak biltzen dira. Izan ere, Erketzek beti izan du argi herriko taldeei lekua egingo ziela. Horrela, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako haurrek ere parte hartzen dute jaialdian.

2000. urtean, hausnarketa baten ostean, Erketz Dantzaren Lagunak taldea sortu zuten. Plaza dantzak irakasten dituzte, eta bizitzaren gorabeherak direla eta, helduen taldea utzi behar izan duten hainbat kide daude bertan.Azken urteetan, Dantzari Eguna ere antolatu du taldeak, beste herrietako dantzak jendeari gerturatzeko asmoz.

Etorkizuna

Erketz taldeak bere hastapenetik indar berezia jarri du taldearen harrobia lantzeko. Lehen urteetan Zainberri izenarekin ezaguna zena, laster Erketz Txiki izan zen. Ikastolan euskal dantzak ikasteko aukera ez zutenei atea ireki zitzaien. 

Txikien taldeak ere ongi eutsi die enbatei, eta egun dantza eskola bilakatu da. Haurrek 13 edo 14 urterekin Erketzera egiten dute salto. Baina zaila izaten da garai hori; ikasketak, eskaintza zabala... ez da erraza jarraitzea. Hala ere, urtez urte eskolako dantzariak helduen taldea elikatu du.

Egun 22 helduk eta 14 haurrek osatzen dute Erketz. Erronka ugari ditu aurretik. Halere, lehenik San Joan suan dantzatu eta San Pedro jaietan omenaldia jasoko du. Uda ostean, berriz, bere 50. urteurrena ospatzeko ekintzek jarraituko dute.