Buruhandiak: "Pertsonak gara maskara azpian"

maddi-noriega 2018ko eka. 23a, 21:10
Urtebeteko itxaronaldiaren ostean, Lasarte-Oriako buruhandiak irrikitan daude San Pedro jaiak hasi eta herriko gaztetxo bihurriak egurtzeko. Helduak ere ez dira salbatuko; desfilean harrapatzen dituzten guztien atzetik joateko prest daudela ziurtatu dute

Urtebete itxaron dute Lasarte-Oriako buruhandiek gaztetxoen atzetik lasterketa irten, eta bizkarrak berotzeko. Iristear dira sanpedroak, eta maskuriak eskuartean hartu eta irrikitan daude egurra ematen hasteko. Aitortzen dute, ordea, herriko gaztetxoek "asko zirikatzen" dituztela, eta horiek guztiak harrapatu eta astindutxo bat emateko prest daude. 

Sasoi ederrean agertu dira Txintxarri-rekin izan duten hitzordura; nabari da entrenatu direla festa egunetan korrika saioak egiteko; ez die haurrik alde egingo. "Beti ihes egiten digu haurren batek, gurasoen babesa bilatzen dute, eta ez da hain erraza izaten denak harrapatzea".

Fisikoki ongi egotea beharrezkoa dela nabarmendu dute. "Ez da buruhandi gisa ateratzeko entrenatu beharrik, baina kontutan hartuta kalera ateratzen garenean egin behar izaten ditugun korrika saioak, egoera fisiko ona izatea ezinbesteko da".

Lasarte-Oriako gaztetxoak "ausartak" dira, buruhandien esanetan. Asko dira eurekin korrika, jolastera ateratzen direnak; baina badira ere ikusi bezain laster beldurtuta alde egiten dutenak. Horiengana ere gerturatzen dira buruhandiak: "Beldurtuta ikusten ditugunean, goxo joaten gara haiengana, eta burukoa kenduta, erakusten diegu ez garela gaiztoak; pertsonak gaude maskaren azpian". 

Maskuriarekin bizkarrak berotzen dituzte, bai, baina ez dute min emateko intentziorik. Maskuriek gorputzarekin talka egitean ateratzen den soinuak bestelako itxura ematen du.

Jockeyak azaldu du ez direla inorri min ematera ateratzen, nahiz eta guztiek aitortu duten karetaren azpian egonda errazagoa dela ezaguneri kolpeak ematea: "Ez dakite nor doan maskararen azpian, eta hor aprobetxatzen dugu kolpe indartsuagoak emateko; tentagarriak izaten dira horrelako uneak". 

Maskurikaden bidez estresa askatzen duten galdetuta, ezetz erantzun du Txirrindulariak: "Ateratzen garen bakoitzean egin behar ditugun korrika saioekin askatzen dugu estres guztia, baina inoiz ez gaztetxoei kolpatzen".

Aurten egun gehiagotan irtengo dira herriko kaleetara; egunero arituko dira gazteen bizkarrak astintzen. Festen azken egunean, adibidez, ez dira inoiz irten buruhandiak, baina aurten igandean ere izango da horiekin aritzeko aukera. Konpartsa "indarra hartzen" ari dela azaldu du Sergio  Lucas taldeko antolatzaileak. 

Geroz eta presentzia gehiago

Bederatzi laguneko lantaldea dago konpartsaren atzean, eta horietako bakoitzak zerbait badu, taldearekiko "konpromisoa" da. Gazteak dira oso, eta parradarako gogoa dute, baina uztartzen dituzte jaia eta buruhandien kalejira: "Buruhandien azpian atera behar dugulako ez gara mugatzen parrandan ateratzera. Berdin berdin egiten dugu parranda, baina hurrengo egunean hutsik ez egiteko konpromisoa dugu".

Bederatzikoteko batzuk egin dute lasterka buruhandien aurrean. Haatik, aurrean aritzeko adina pasa zaienean,   orain eurak dira umeen atzetik aritzen direnak. Baten batek aitortu du txikitan gorroto izan dituela, eta orain, aldiz, oso gustuko duela buruhandi izatea.

Aurrekonturik ez

Aurtengo sanpedroetan ez dugu Sifoitxoa kalean ikusiko. Izan ere, buruko maskaraz gain, ezinbetsekoa du gorputzeko soinekoa. Hori, ordea, erabat zaharkituta dago, eta aurrekontu faltagatik ezin izan dute aurtengo jaietarako berritu. "Erregeari eta erreginari bai, jantziak zertxobait berritu zaizkie. Baina gainerakoak datorren urtean egin beharko  ditugu", azaldu du Lucasek.

Antolatzaileak, baina, badu beste nahi bat. Buruhandiak eta erraldoiak herritarrei gehiago gerturatzeko desfileen irteera lekua aldatzea gustatuko litzaioke. "Irten aurretik, herrigunean erakusleiho batean erakutsi nahiko genituzke buruhandiak eta erraldoiak, herritarrek ikus ditzaten eta, bide batez, festaren parte egin daitezen".