Sanpedroak, euskara… eta agintekeriak

Joxe Mari Agirretxe - 'Porrotx' 2018ko eka. 22a, 12:59
Joxe Mari Agirretxek lasarteoriatarrak agurtu ditu, festen atarian

Zabaletako jai indartsuak joan ziren, eta sanpedroak badatoz. Eta pozik nago! Su Ta Gar, La Basu, bertsolariak, Sorgin Jaiak, kantu-jira, afariak... eta alaitasun partekatua! Pozik nago jaietan...eta pozik urte osoan. Izan ere, inguruetako herrietako bizilagunek diotenez, Lasarte- Orian beti dago jai giroa, beti dago "zerbait". Azken urteotan asko aldatu omen da gure herria; euskara gehiago entzuten da kalean, indartsu sumatzen dute bertako auzolana; behetik gora goaz... Eta egia da hori dena. Azken urteotan, lasarteoriarrei esker ekimen berri pila jaio dira, eta aurretik ginena osatu dute; bertsolaritza, Jalgune, antzerkia, dantza garaikidea eta plaza dantzak, korua, batukada, Literatur Txokoa, ipar martxa... Honetaz guztiaz gain, mugimendu feminista, pentsiodunak, Gure Esku Dago ekimena, Altsasu... Denetarik dugu, eta asko eta asko euskaraz! 
Euskal Herria sudur gorriarekin zeharkatzen dugunean, harro hitz egiten dugu Lasarte-Oriaz; nola "han'" edo "hemen" jaiota, gai izan garen elkarrekin pausoak ematen, nola "batekoak" eta "bestekoak" euskara erdigunean jartzeko gai izan garen... Hor dira ere Euskara Zerbitzua, ikastetxeak, euskaltegiak, herri ekimenarekin batera lan eginez... Eta nola ez, Ttakun Kultur Elkartearen lana azpimarratu behar dut, eta honek dinamizatutako kultur jarduerak, Maratoiak, txintxarri, Mintzalagun, Faktoria, Kuadrillategi, Gazte Kluba, txokoak... 
Baina Lasarte-Oriako ahobiziak eta belarriprestak Euskal Herri osora zabaldu diren honetan, Euskaraldiaren atarian... sudurgorriok ez dakigu nola azaldu gure herriko udal agintariak azken aldi honetan hartzen ari diren erabaki ulertezinak. Nola azaldu gure mugetatik kanpo erreferentea den Ttakunek sortutako udako txokoak honi kendu eta merkeago (eta eskaxago) eskainiko dituen  enpresa bati ematea? Nola ulertu herrigintzarekin egunerokotasunean bustitzen den elkartea baztertzea? Muxutruk, ilusioz, isilean... lana egitea tokatzen denean, nork aterako ditu babak eltzetik? "Herria da gorputza, hizkuntza, bihotza!", eta gure agintariek, hara, ez buru eta ez hanka! 
Hala ere, goza ditzagun jaiak, goza dezagun udara, pozik egoteko moduko herria dugulako! Espero dezagun halakorik berriz ez gertatzea. Eta etorkizunari begira jarrita, elkartu, hausnarketa egin, mahai baten bueltan eseri, hitz egin, adostu eta behetik gora honaino ekarri gaituen elkarlanari berriz bide eman.
Txiiiiissspuuuun, gora San Pedro! Eta gora LasarteOria alaia eta euskalduna!