Beste mugarri bat ezarri dute

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 10a, 18:56
Lasarteoriatarrek ederki erantzun diote Gure Esku Dagoren deiari, eta Donostia eta Gasteiz lotu dituen giza kateko bederatzigarren eta hamargarren kilometroak aise bete dituzte

"Beste mugarri bat ezarriko dugu igandean". Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoko kideek oso argi adierazi zuten Txintxarrirekin izandako solasaldian, joan den astean. Esan, eta egin: mila lasarteoriatar baino gehiago biltzea lortu dute, eta Donostia eta Gasteiz lotu dituen giza kateko bederatzigarren eta hamargarren kilometroak aise bete dituzte. Aurreikuspenak gainditzearen tendentzia hori nazio mailara hedatu da. Gure Esku Dagoko ordezkariek adierazi dutenez, egun bakar bateko "mobilizazio jendetsuena" izan da gaurkoa. 175.000 pertsona baino gehiagok eman diote eskua elkarri, erabakitzeko eskubidearen alde.

Goizeko hamarretan hasi da girotzen Okendo plaza. Ordu horretan zegoen jarria hitzordua, eta herritar guztiak puntual iritsi ez badira ere, ordu erdi beranduago sekulako giroa zegoen. Plaza, beteta. Gure herriari zegokion gunera abiatu aurretik (Belartzako biribilgunetik Ugaldeara, bi kilometro), talde argazki erraldoia atera dute, eskuak zerurantz altxata, giro ederrean. Lasarte-Oriaren historiarako beste argazki bat.

Eguzkiak gogotik jo du gaur, eta 12:00ak iritsi bitartean itzala bilatzen aritu dira lasarteoriatarrak. Dena dela, ez dute asko sufritu, eta berehala iritsi da bakoitza bere postuan ongi jarri eta elkarri eskuak ematekoa, Donostia eta Gasteiz lotzeko helburuarekin. Ordu erdiz egon dira elkarri eskua emanda, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri ozenak behin eta berriro plazaratzen.