Xabi Azaldegi hernaniarrak jantzi du txapela

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 10a, 13:23
Lasarte-Oriako squash txapelketa sozialaren 30. edizioa irabazita, iazko arantzatxoa atera du Xabi Azaldegi hernaniarrak; finalera iritsi zen 2017an. Kinin Calvori hiru jokotan irabazita, berak jantzi du txapela. Dani Davilak irabazi du kontsolazio fasea

Pozarren hartu ditu squash txapelketaren irabazle garaikurra eta txapela Xabi Azaldegi hernaniarrak. Final handira iritsi zen iaz, baina Iñaki Garcia herritarrak irabazi zuen. Iazko arantzatxoa kendu zuen Azaldegik atzo, Kinin Calvori hiru jokotan irabazita (11-15, 13-15 eta 13-15). Aurreneko aldiz irabazi du txapelketa hernaniar gazteak. Ez edonoren kontra: txapelketako beteranoetako bat da Kinin Calvo, txapela bat baino gehiago dauka etxean, baina aurten ezin izan du hernaniarraren jokoa kontrolpean hartu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du.

Iker Cañedo eta Diego Santana aritu dira 3. postua lortzeko borrokan. Norgehiagoka oso orekatua izan da; bosgarren eta azken jokoan erabaki da dena. Cañedo esperientzia handiko jokalaria da, eta hobeto kudeatu ditu indarrak eta urduritasuna: 15-12 irabazita, berak poltsikoratu ditu partida eta 3. postua. Kontsolazio fasea, aldiz, Dani Davilak irabazi du; hiru joko behar izan ditu Lander Lobo mendean hartzeko: 15-10, 15-12 eta 15-8.

Finalak bukatu eta gero, Txus Alonso Udaleko kirol zinegotziak eta Karlos Altuna kirol teknikariak banatu dituzte sariak, giro ederrean. Mokadutxo bat jan dute gero guztiek, Maialen Chourraut kiroldegiko kafetegian.