Akademiatik erakusketa aretora

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 8a, 22:27
Urtean zehar jo eta ke lanean ibili eta gero, hainbat margolan erakutsiko dituzte Brancussi akademiako ikasleek, astebetez, Antonio Mercero aretoan. Jose Manuel Monge irakasleak prestatu du erakusketa

Kolorez beteta daude Antonio Mercero aretoko paretak; Brancussi margolaritza akademiako ikasleen lanez josita. Ikasturte osoan zehar lanean aritu eta gero, euren koadroak erakutsiko dituzte orain, astebetez. Eskolako irakasle Jose Manuel Mongek prestatu du erakusketa, mimo handiz, eta herritarrak gonbidatzen ditu erakusketa aretora iristeko eskailerak igo eta neska-mutil gazteen arteaz gozatzera. 56 ikasle aritu dira akademian aurten. 

Gaztetxoenek akrilikoaren teknika ikasten dute (12 urte bete arte); zaharragoak direnez, aldiz, oleoan margotzen dute, Mongek zehaztu duenez. Erakusketari buruz aritzeaz gain, gogorarazi du irekita dagoela datorren ikasturtean akademian izena emateko epea. Era berean, urtea bukatu baino lehen beste erakusketa bat antolatzeko asmotan dabil: Brancussin bost urte baino gehiago daramatzaten ikasleen lanak pilatu, eta erakusketa aretoan erakutsi nahi ditu. "Nire asmoa da ikasle horiek urteotan izan duten bilakaera erakustea".

Datorren asteko ostiralera arte egongo da erakusketa zabalik, arratsaldez. 18:00etatik 20:30era irekiko ditu ateak Antonio Mercero aretoak.