Lasarte-Oriako piraguistak ezin izan du beste domina bat kolkoratu, asteburuan Pragan jokatutako Europako Txapelketan. Zazpigarren atea jo ostean, bi segunduko zigorra jarri diote, eta, ondorioz, laugarren postuan amaitu du, 103.36 segunduko denbora eginda. Ricarda Funk alemaniarra , Corinna Kuhnle austriarra eta Fiona Pennie britaniarrak osatu dute podiuma.
"Pixkanaka" egin du bidea Chourrautek Europakoan, BAT Basque Teamek argitaratutako elkarrizketan esan duenez. Sailkapena zertxobait kosta egin zaion arren, finalerdietan "egoera kontrolatzen" jakin du, eta horrek helburua lortzea ahalbidetu dio: finalerako sailkatzea.
Prestakuntza ez zaio, ordea, behar bezala joan. Zertxobait "urduri" iritsi da Pragara, martxoan hasi baitzen frogarako entrenamenduetan. Saihets batzuen haustura eta gaixoaldiak medio, negu "oso txarra" pasa du. Errekuperatu eta bi hilabetetara aukeraketa probak aurrera atera, eta hiru aste eskaini dizkio Europako Txapelketa prestatzeari. Hori guztia kontuan hartuta, "pozik eta harro" dago lortutako emaitzarekin, "onenekin" borrokan aritu baita. Kirolariak nabarmendu du 2020. urtean Tokion egingo diren Olinpiar Jokoetarako "oso interesgarria" dela.
Riora begira
Europako Txapelketa amaituta, Rio de Janeiron (Brasilen) egingo den piraguismoko Munduko Txapelketara begira dago jada Chourraut. Proba horietara "lasaiago" joatea espero du: "Bertan lortutako garrantzitsua izango da, olinpiar jokoetarako postuak banatuko baitira".
Denboraldian aurrera
Lehiaketa gehiago iritsi bitartean, denboraldiari eutsi eta lanean jarraituko du kirolariak, 2020. urteko Joko Olinpikoetara sarrera lortzeko. Hura du helburu nagusia.