Pili Bodegas eta Aimar Sukuntza Gipuzkoako esprin txapeldun

Pili Bodegas eta Aimar Sukuntza Gipuzkoako esprin txapeldun
Iñigo Ibarburu Trinko triatloi taldeko kidea laugarren atera zen uretatik, aurretik atzerritarrak bakarrik zituen

Igandean, Pasai Donibane Geltoki Motor V Sprint Triatloia jokatu zen. Esprin mailako Gipuzkoako txapelketa zegoen jokoan. Kirolariek 750 metro igeri, 20km bizikletan eta 5 km korrika egin behar izan zituzten eta bi lasarteoriatarrek eraman zuten txapela etxera: Yepa! triatloi taldeko Pili Bodegas emakumezkoen beterano mailan (1:21:30), eta kadete mailan, berriz, Zumeatarra taldeko Aimar Sukuntza (1:18:48).

Aipatzekoa da ere, Trinko Triatloi taldeko Iñigo Ibarburuk egindako lana. Uretatik laugarren atera zen, atzerritik etorritako goi mailako bi australiar eta Zelanda Berriko lehiakide bat aurretik zituela. Azkenean, 1:17:59 denbora eginez iritsi zen helmugara.

Igande honetan, ekainaren 9an, Zarauzko Triatloian parte hartuko du Zumeatarrak taldeko Andoni Illarramendi herritarrak. Trinkoko kideek, aldiz, ekainaren 16an Lekeition lehiatuko dute.