Lasarte-Oria, ingurumenaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 5a, 14:30
Ingurumenaren eguna dela eta, Lasarte-Orian herritarrak kontzientziatzeko hainbat ekintza burutuko dira. Gaur herriko gaztetxoak oinez joan dira ikastetxeetara, kontsumo arduratsuari buruzko tailerra eskainiko da, horma-irudiari hasiera eman zaio eta poltsa berrerabilgarriak banatu dizkiete herritarrei

Gaur ingurumenaren eguna dela eta, Lasarte-Oriako ikastetxeetako gaztetxoek Eskola bidea egitasmoa egin dute. Autobusa alde batera utzi eta ikastetxeetara oinez joan dira guraso eta irakasleen laguntzaz. Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko lagunetako batzuk Oriatik ikastetxerako bidea egin dute. Landaberriko ikasleak berriz, Zubietako bidetik lasai joateko aukera izan dute, ibilgailuei moztu baita.

Udalak egun hori ardatz hartuta Aste Berdea antolatu du eta hainbat ekintza daude antolatuak.

Okendo plazan, gaurtik hasi eta ostiralera arte, plastikozko botilen tapoiekin horma-irudi bat egingo da eta poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte.

Gaur, EPA-HHIn kontsumo arduratsuari buruzko tailerra eskainiko da.

Baina ez dira hauek ekimeneko ekintza bakarrak.

Larunbatean, esaterako Oria ibaiaren ertzaren garbiketa egin zen herritarren sentsibilizazioan eragin nahian. Bi ordu inguruan ehunka kilo zabor garbitu zituen boluntario talde batek. Lurreko hondakinak eta adarretan pilatzen direnak jaso zituzten. Denetarik jaso zuten: burdin piezak, hodiak, pneumatikoak, edukiontzi zatiak, bizikletak, patinetea... “Azpimarratzekoak plastikoak eta higiene pertsonaleko toalliten hondarrak”, adierazi dute Artelatz enpresako kideek.

Pozik agertu dira boluntarioek egindako lanarekin baina “Michelin aldeko zati bat besterik ez da garbitu; lan handia gelditzen da oraindik” azpimarratu dute.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie parte harturako boluntario guztiei, aipamen berezia eginaz FOREST ingurumen elkarteko kideei eta baita Lasarteko Gurutze Gorriko boluntarioei.

Atzo, astelehena berriz, 30 bat herritar Urnietako ontzi-hondakinen sailkatze plantara hurbildu ziren eta hondakinak nola kudeatzen diren ezagutu zuten bertan.