Herria sorgindu du Zabaletako Jaien akelarreak

Konturatzerako, bukatzear da asteburua, eta baita aurtengo Zabaletako Jaiak ere. Ekitaldiz ekitaldi, kontzertuz kontzertu, auzoko festen akelarre koloretsuak sorgindu egin ditu lasarteoriatarrak

Ikusi, entzun, usaindu, dastatu. Eta dibertitu. Eta gozatu. Lasarteoriatarren zentzumen guztiak dantzan jarri dituzte Zabaletako auzotarrek astean zehar. Ekintzaz betetako auzoko festak antolatu dituzte aurten ere (kanta berri eta guzti), herritarren gozamenerako. Konturatzerako, bukatzear da asteburua, eta baita jaiak ere. Dena den, akelarreko sua ez da itzuli oraindik, eta egun batzuez iraungo du zabaletarren sorginkeriak.

Proba mistoa, Jon Otaegi eta Julen Gabirondo segalarien erakustaldia eta Kukuka antzerki eta dantza eskolako ikasleen emanaldiak izan dira gaurko arretagune nagusiak. Sollane baserria, Telleri-Gain eta Zabaleta Berri izan dira aurtengo hiru taldeak. Trontzan aritu behar izan dute aurrena, txingak eramaten gero, lokotxak biltzen eta korrika. Sollane ordezkatu duten kirolariek bukatu dute aurrena: hamar minutu eta hamaika segundo behar izan dituzte lana bukatzeko. Bederatzi segundo gehiago behar izan ditu Telleri-Gainek, eta hemezortzi Zabaleta Berrik. Hori baino lehen, ederki aritu dira segan Jon Otaegi eta Julen Gabirondo. Gutxigatik, baina Otaegi gaztea gailendu da. Goiza ixteko, proba mistoa bukatu bezain pronto, omenaldi hunkigarria jaso du Imanol Jimenez zenaren familiak, Antonio Blas plazako oholtza gainean. 

Gaur goizeko ekitaldiak hasi direnean, oraindik bazen gaupaserorik Zabaletan. Parranda ederra egin dute hainbat herritarrek. The Lobsters taldearen eskutik rock doinu ezagunak abestu dituzte, dantza egin dute gero Joxpa erromeriarekin, eta are gehiago Terexa DJarekin. Hainbat zabaletarrek akelarre ikusgarria ere eskaini zuten atzo gauerdian, herri afaritik altxa eta berehala.

Eleno eta Illarramendi garaile V. Sorgin Krosean

Larunbat goizean korrikalariz bete zen auzoa, aurten bosgarrenez. Berrogeita hamar bat pertsonak hartu zuten parte Sorgin Krosean. Andoni Illarramendik eta Anabel Elenok irabazi zuten. 22:15eko denbora egin zuen Illarramendik, eta 27:05ekoa Elenok. Jon Presak, Gorka Gilek, Izaskun Salazarrek eta Mertxe Casasek bete zituzten podiumak.

Ostiral arratsaldetik, Teresa Sorgiña auzora jaitsi zenetik, etenik gabekoa izan da festa giro alai eta koloretsua. Bukatu berri dira festak, eta atseden hartzea tokatzen da orain, baina aurtengo jaien arrakasta ikusita, are gogo gehiagoz hasiko dira datorren urtekoak prestatzen.

Argazki galeria