Hondakinen gaia aztergai Udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 2a, 12:00
Lasarte-Oriako ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako gaztetxoek hondakin gutxiago nola sortu landu dute aurten Agenda 21 programan. Ordezkaritza batek udal arduradunei landutako proposamenak aurkeztu dizkiete udalbatzar aretoan

Udalbatza berezia izan da Lasarte-Orian. Ez dira herriko ohiko gaiak jorratu, oraingoan gai bakarra izan da mahai gainean, hondakin gutxiago nola sortu. Agenda 21 programaren baitan gaia landu duten Lasarte-Oriako ikastetxeetako LH5 eta LH6ko haurrek ikasturtean zehar egin duten lanketa azaldu eta hainbat proposamen egin dizkiete Jesus Zaballos alkateari, Agustin Valdivia Ingurumen saileko buruari, Maite Iglesias hezkuntzako arduradunari eta Xabier Goitia Manuel Lekuona kultur etxeko kudeatzaileari.

Lehenik, ikasgeletan eta ikastetxeetan egin duten lanketa azaldu dute. Mugikortasunari buruz, aurreko urteko konpromisoak aztertu ostean, aurtengo gaiari heldu diote. Ikasle bakoitzak, ikasgelak eta ikastetxeak sortzen duen hondakina aztertu dute. Honez gain, Publizitaterik ez! pegatinak diseinatu, argazki eta marrazki lehiaketa egin eta hondakinen jolasera jokatu direla era jakitera eman diete udal ordezkariei.

Herri mailako diagnostikoa ere egin dute. Semaforoko koloreak oinarri hartuta berdez jardunbide egokiak, horiz hobetu beharrekoak eta gorriz saihestu beharreko jokabideak sailkatu dituzte. Honi esker, herrian egiteko asko dagoela ohartu direla azpimarratu dute batzarrean.

Hauek kontuan izanik dekalogo bat idatzi dute guztiek beteko dituzten gutxieneko konpromisoak aipatuz. Gaurko batzarrean aurpegi berde edo gorria erakutsiz, hauek jarraituko dituzten edo ez adierazi behar izan dute.

Honez gain, Udalari hondakin gutxiago sortzeko eta kaleak gabiago mantentzeko proposamenak luzatu dizkiete lau multzotan bereizirik: kontzientziazio kanpainak, edukiontziak, kale garbiketa eta bestelakoak.

Jesus Zaballos alkateak proposamen guztiak entzun eta udalaren ikuspegia azaldu die gaztetxoei. Besteak beste, Aste Berdean herritarrei poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkiela aipatu du; txakurren jabeei zuzendutako kanpaina bat aurrera eraman dela edo lur-azpiko edukiontziak mantendu edo kentzeko parte-hartze prozesu bat egingo dela jakinarazi die. Bestetik konpromiso batzuk ere hartu dituzte, hala nola, San Markos Mankomunitateari haur edo elbarritasunen bat duten pertsonei egokituak dauden edukiontziak diseinatzea posible den galdetzea.

Azkenik, gaztetxoen lana goraipatu du eta haien ikuspuntua jakitea onuragarria dela azpimarratu du. “Orain arte ez naiz konturatu, edukiontziak haur edo elbarritasunen bat duten pertsonei egokituak ez daudela,” adierazi du.

Batzar bereziari amaiera emateko talde argazkia egin da eta gaztetxoek opari bat eraman dute etxera, Aste Berdean banatuko diren poltsa berrerabilgarriak.