"Zorte ikaragarria" duela onartu du Jon Lasartek (Lasarte-Oria, 1981). Ez da gutxiagorako; Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartzeko zozketan izena eman, eta lehenengoan egokitu zaio dortsala -8.000 eskaera baino gehiago daude 200 bat plazarentzako-. Lasterketa bakarra Zegamakoa, eta gustura aritu da. Gainera, bere helburu nagusirako entrenamendu gisa ongi etorri zaio; Ehunmilak lasterketa egingo du uztailean. Asteburu honetan ere beste urrats garrantzitsu bat egingo du prestaketa horretan: Leitzako Mendi Erronka (67 kilometro).
Zer moduz bukatu zenuen lasterketa igandean?
Oso ondo, espero baino hobeto azkenean. Lasterketa luzeetarako nago prestatuta, eta ezin dut maratoi batek eskatzen duen erritmo bizia hartu.
6:19 denboran osatu zenuen ibilbidea. Ez da denbora makala lokatzetan aritzeko.
Bai, poz-pozik nago. Sei ordutik jaistea nuen helburua, baina dena ezin da. Bitxia da, baina orain dela 15 urte egin nuen lasterketa, eta orduko denbora berbera egin dut.
Zegama-Aizkorriren bigarren edizioan parte hartu zenuen. Zer desberdintasun aurkitu dituzu bi edizio horien artean?
Erritmoa eta jendea. Asko igo da maila. Pentsa, lehenengo 200 lasterkariak 5:30 denboran sartu ziren. Eta jendearena izugarria da. Ibilbide guztian animatzen zaituzte. Bazter guztietan oilo ipurdia jarri zait.
Mendian asko ibiltzen zara. Ba al da Zegamaren antza duen beste lasterketarik?
Ez. Besteetan ere badago jendea animatzen, baina ezin alderatu daiteke. Lasterketarik handiena da. Beste lasterketetan ez naiz urduri jartzen, baina hemen irteeran hala nengoen. Ehunmilak izan daiteke antzekoa. Joan den urtean 116. kilometroan erretiratu egin behar izan nintzen. Han ere jendearen bultzada izugarria da.
Lasterketako ibilbidea ezagutzen zenuen, beraz. Nola planteatu duzu lasterketa?
Igande bat lehenago egin nuen. Orduan ikusi nuen nola hartu lasterketa. Lasaiago joan nahi nuen, baina jendeak bultza egiten zaitu, eta zure erritmotik ateratzen zara. Aizkorritik aurrera hasten da lasterketa azkar egiteko zatia; osorik iritsi behar da horra.
Aizkorri lasterketa erdia da gutxi gorabehera.
Bai, horregatik fresko iritsi behar zara horra. Zaila da, zeren jendeak tira egiten zaitu.
Lasterkariaren lanetako bat burua lasaitzea da orduan.
Horixe da. Izugarriak dira jendearen animoak. Aurten bizitakoa ez dut beste inon ikusi. Oso polita izan da.
Gainera, lehenengoei bezainbeste animatzen zaie azkenekoei.
Guk animo gehiago behar izaten ditugu.
Lokatza asko zegoen lasterketa egunean. Beti izaten da zailagoa.
Bai, azkenean posturak ez dira berdinak. Bi pauso gora ematen dituzunean, beste bat behera egiten duzu .
Lasterketako profila ikusita, azken kilometroak aldapa behera dira. Halere, muskularki gogorrak egingo dira, ezta?
Gainera, beti dago segadaren bat, espero ez duzun aldapatxoren bat. Hain zuzen, hara fresko iritsi behar da, hor galtzen delako denbora. Aurten oso gaizki zegoen bidea, lokatza asko zegoelako. Txorkatila osoa sartzen zen lokatzetan. Bestetik, hezetasun handia zegoen aurten, eta hidratatzea ezinbestekoa zen arazoak saihesteko. Nik botila txiki bat eraman nuen, eta bospasei aldiz hustu nuen. Eta, halere, muskularki justu iritsi nintzen.
Leitzako Mendi Erronka duzu asteburu honetan. Zegama-Aizkorri ondoren, errekuperatzea tokatu zaizu, ezta? Nolako entrenamenduak egin dituzu aste honetan?
Bizikletan ordubete asteartean, eta hiru ordu mendian asteazkenean. Ostegunean eta ostiralean atsedena, hankak errekuperatzeko.
Ehunmilak dira zure helburu nagusia. Nola ari zara prestatzen horretarako?
Urte osoan mendia egiten dut, eta iazko saialditik ez diot utzi entrenatzeari. Entrenamendu zehatzagoak azaroan hasi nituen. Astean sei egunetan entrenatzen dut. Aste barruan ordubeteko lanak dauzkat, eta asteburuetan sei, zortzi edo hamarrekoak.
Prestatzaile bat al duzu?
Orioko entrenatzaile bat dut. Beharrezkoa da, guk ez dakigu-eta horrelako gauzak eramaten. Erronka serioa da, eta jakin behar da prestatzen. Pixka bat antolatu genitzake entrenamenduak, baina hobe da dakien bati galdetzea.
Ultrako distantziak prestatzeko askok bizikletan orduak sartzen dituzte. Zure kasua al da?
Bai, bizikleta asko sartzen dut, beti ezin dira-eta hankak zigortu. Oso ona da bizikleta. Korrika eta bizikletan aritzen naiz asko, baina ez ditut biak uztartzen. Bat edo bestea egiten dut.
Nola ikusten duzu zeure burua Ehunmiletarako?
Ongi, geroz eta hobeto. Geldialdi txiki bat egin behar izan nuen, lanagatik kanpora joan behar izan nuelako hilabetez. Zalantzak izan ditut nire egoera fisikoaren inguruan, baina oso ondo noa, ongi erantzun didate hankek. Hori da garrantzitsuena; hankak fin edukitzea.