Elikagaien xahutzea saihesteko komikia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko maiatzaren 29a

Hozkailu solidarioen sarea martxan jarri eta gero, Hozki pertsonaiaren abenturak aurkeztu ditu Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak. Udalak babestuta, Lehen Hezkuntzan banatuko dute komikia, elikagaiak aprobetxatzeko ohitura bultzatzeko

Hozkailu batekin hasi zen dena, baina honezkero proiektu handia bilakatu da. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak dioenez, elikagaien heren bat alferrik galtzen da, nahiz eta zati gehiena aprobetxagarria izan. Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak 2015ean jarri zuen lehen hozkailu solidarioa, hain zuzen janari hori aprobetxatzeko. Egun, Lasarte-Oriakoa kontua hartuta, 21 hozkailu solidarioen sarea osatu dute. Bakoitzeko 200-300 kilo elikagai berreskuratzen dituzte. Orain urrats bat gehiago egin dute. Gaztxoengan jarri arreta, eta elikagaia ez xahutzeko ohitura bultzatzeko komiki bat argitaratu dute: Hozkiren abenturak.

"Haurrak dira aldaketaren eragileak". Alvaro Saiz Ruiz Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen presidenteak aurkeztu du komikia, Lasarte-Oriako udaletxean. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok eta Izaskun Oroz teknikariak lagundu dute, baita Jose Maria Urdanpilleta Zerbitzu Publikoen arduradunak.

Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendua dago komikia, eta Lasarte-Oriako ikastetxeetan banatuko dute. "Zailagoa da gurasoei deitzea ikastaro bat egin dezaten elikagaiak aprobetxatzeko, ekonomia hobetzeko eta xahutzea saihesteko. Haurrek erakutsi diezaieke", esan du Saizek.

Modu ludikoan 
Modu entretenigarrian erakusten du argitalpenak soberanikak aprobetxatzen. "Ez da irakurri eta gordetzekoa. Gidaliburu gisa kontsultatu daiteke nahi adina". Elikagai motaren arabera hozkailuan gordetzeko modua, erosketa eraginkorra nola egin, eta, oro har, hondakinak gutxitzeko aholkuak erakusten ditu Hozki pertsoanaiak. 

Horrelako argitalpen bat sustatzen lehen udala da Lasarte-Oriakoa. 1.500 ale inprimatuko dituzte, eta Lehen Hezkuntzako hiru ikasturteetan banatuko dituzte. Ikastetxeekin harremanetan jarriko dira, Galdakaoko Boluntarioen Elkarteak hitzaldi bat eman dezan. Ikasleei lantxo bat eginaraziko zaie, gero Lasarte-Oriako hozkailu solidarioa hornitzen joan daitezen.

Proiektu berria da, baina uste dute beste udalerrietara zabalduko dela. Oraingoan janariaren xahutzean jarri dute indarra, baina aurrerago beste gaiak landu nahi lituzkete. "Obesitatea eta beste gizarte gai batzuk, adibidez", jakinarazi du Orozek. 

Acevedoren arabera, garrantzitsua da prenbentzioa lantzea. "Gainera, orain asko hitz egiten da birtziklatzeaz, eta oso garrantzitsua gai umeekin lantzea, eurak dira-eta etorkizuna".