Datorren urtean ere Ohorezko Mailan jokatuko du Jon Ander Puertasek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 29a, 13:40

Mailari eusteko itzuliko partidan Hernanik 30-17 irabazi dio Ciencias Cajasol Sevillako taldeari, eta onenen artean izango da datorren denboraldian

Larunbatean urduritasuna kontrolatzea ez da lan erraza izan Hernani Errugbi Taldearentzat; hil ala biziko partidua jokatu dute Ohorezko Mailari eusteko. Ciencias Cajasol Sevillako taldearen aurka lehiatu dira, eta joaneko partidan lau puntuko aldea atera bazieten ere, hernaniarrak erraz irauli dute egoera. Nagusi izan dira partida guztian.

Larunbateko puntu bakoitza erabakiorra zen helburua lortzeko, eta hori antzeman da jokoaren hasera-hasieratik. Bederatzigarren minutuan iritsi zen etxekoen lehen entsegua, eta markagailuan aurretik jarrita zertxobait baretu ziren hasierako urduritasunak. 

Hernani izan da hortik aurrera jokoa menderatu duena, eta pixkanak puntuak gehitzen joan dira. Lehen zatiaren 28. minutuan trikoloreek bultzada  bat egin, eta Puertas lasarteoriatarraren entseguarekin amaitu du jokaldia. 15 eta 3 joan dira atsedenaldira.  

Bigarren zatian, berriz,  indartsuago irten dira Ciencias Cajasoleko jokalariak; entsegu bat egin dute jokoa hasi bezain pronto, eta hori transformatuta, 15-10 jarri dira markagailuan. Baina etxekoek ondo erreakzionatu dute, eta berehala gehitu dituzte puntuak; zigor kolpe bat egin dute, eta 18-10 aurreratu dira. Horren ostean entsegu pare bat egin dituzte etxekoek, eta garaipena eskuartean bazuten ere, aurkariek borrokari eutsi eta entsegua egitea lortu dute. Hori transformatuta, 30-17 amaitu dute partida.

Pozarren, txalo artean eskertu dute Hernaniko jarraitzaileek jokalariek egindako lana, baita hauek zaleei ere emandako babes guztia.