Dantza izan da asteburu honetako protagonista nagusia Lasarte-Orian. Erketz EDTk antolatuta, Dantzari egunaz eta Dantzari Txiki egunaz gozatu dute lasarteoriatarrek. Ikuskizunak Okendo plazan eskaintzea zuten aurreikusita antolatzaileek, baina azken egun hauetan eguraldia kili-kolo ibili denez, ez dute arriskatu nahi izan; Loidibarrengo eta Michelingo pilotalekuetan eskaini dituzte emanaldiak dantzari gazte zein helduek. Gure herria Erketzek berak eta Kukukak ordezkatu dute, eta gainontzeko taldeak Euskal Herriko hainbat puntutakoak dira: Goizaldi (Donostia), Indarra (Gasteiz), Makaia (Faltzes), Urki (Andoain), Lurra (Urretxu) eta Ereintza (Errenteria).
Gaztetxoen eguna izan da gaurkoa. Goizean zehar, euririk egiten ez zuela aprobetxatuz, herrian zehar desfilatu dute dantzariek: Andatza plazan elkartu dira, handik erdigunera jaisteko. Zumaburu aldera joan dira gero, eta Askatasunaren plazan bukatu dute. Bazkaltzera joan dira gero, arratsalderako indarrak hartzeko.
Esan bezala, antolatzaileek ez dute arriskatu nahi izan, eta emanaldia Michelingo pilotalekura eraman dute. Guraso eta lagunek harmailak bete dituzte, eta nekatu arte egin dute txalo, neska-mutil gazteen trebezia ikusita. Hamar bat minutuz aritu da talde bakoitza, hainbat motatako dantzak plazaratuz. Kalejira erraldoi batekin bukatu dute, guztiek elkarrekin, giro ederrean. Urkik, Makaiak, Lurrak, Ereintzak, Kukukak eta Erketzek hartu dute parte. Txistulariek eta Ttirriki-Ttarraka eskolako kideek jarri dute musika.
Emanaldiak bukatu eta gero, eta kalejira hasi aurretik, etenalditxo bat egin dute, gaurko egunean parte hartu duten taldeetako ordezkariei oroigarritxo bana emateko. Udaleko Kultur zinegotzi Maite Iglesiasek banatu ditu plakak.
Helduak, Loidibarrenen
Gaur, gaztetxoak. Atzo arratsaldean, ordea, helduak ibili ziren dantza eta dantza, Loidibarrengo frontoian. Donostiatik etorritako Goizadik eta Gasteizko Indarrak ikuskizun paregabea eskaini zuten, Erketzeko kideekin batera.
Mende erdi bete du aurten herriko dantza taldeak, eta ospakizunetan murgilduta dabil. Ekainaren 16an, larunbatarekin, emanaldi berezia eskainiko du Okendo plazan, herriko beste hainbat eragilerekin batera.