Beste denboraldi batez, herriko kirolaren alde lanean

Festa giroan itxi du Ostadar SKTk 17-18 kirol denboraldia. 35 urte daramatza elkarteak lanean, herriko kirola sustatzeko helburuz. Sari eta omenaldietarako tartea ere hartu dute: Andoni Iparragirre txistulariari eman diote Auzolan saria, eta Joxe Belartieta eta Mari Olano omendu dituzte, Ostadarren alde egindako lan guztiagatik

Villa Mirentxu ondoko trinketean elkartu dira Ostadar SKTko kideak, denboraldi amaierako festa ospatzeko. Beste sasoi bat, herriko kirolaren alde lanean. 35 urte, honezkero. Gero eta lasarteoriatar gehiagok osatzen dute kirol elkartea, eta herriko entrenatzeko instalazioak "urriak eta zaharkituak" badaude ere, urtez urte kirol emaitza bikainak lortzen dituzte. Sekzio berriak ere ari dira sortzen: azkenak, kirol egokitua eta ipar martxa. "Pozik egoteko arrazoiak baditugu: gero eta kirolari gehiagok osatzen dute kluba; emakumezkoen kirola ari da hazten, bereziki".

Motorrak berotzeko, hainbat jokotan hartu dute parte gazte eta helduek, trinketean bertan. Ondoren, Ostadar SKTko sail bakoitzak sariak banatu dizkie jokalariei. Horiek ez dira Ostadar SKTk banatzen dituen sari bakarrak. Auzolan saria ematen du urtero-urtero, herrigintzan diharduten lasarteoriatarren jarduna aitortze aldera. Aurtengoa Andoni Iparragirre txistulariak irabazi du. "Andoniren txistu doinuek hasiera ematen diote Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiari", gogoratu dute Ostadar SKTko kideek. Lasarte-Oriarrak muxikoaren sortzaileetako bat da Iparragirre, eta herriko hainbat festatan egoten da presente, txistua ahoan duela. 

Goizeko une hunkigarrienetako bat iritsi da ondoren. Ostadarrek, esan bezala, 35 urte daramatza herriko kirolaren alde lan egiten. Herriko hainbat pertsonak osatzen dute klubaren zuzendaritza: egunak eta egunak pasatzen dituzte Geltoki kaleko lokalean bilduta, buruari eragiten, dauzkaten baliabide eskasekin ahalik eta kirol eskaintza onena emateko. Zuzendaritzako kideez gain, beste hainbat pertsonak ere egiten dute lan klubaren alde. Joxe Belartietak eta Mari Olanok, adibidez. Aurten erabaki dute erretiroa hartzea, eta, horregatik, omendu egin ditu Ostadarrek. Txapela eta lore-sorta jaso dituzte, eta euren bilobek agurra dantzatu diete. 

Beltzak errugbi eskolako hainbat kidek saltxitxa pintxo goxoak banatu dituzte gero, Villa Mirentxuko arkupeetan.

Argazki galeria