Safri Duoren doinuak entzutean denoi etorri zaizkigu oroitzapen ederrak burura: hizkuntz ohiturei astindu bat eman zion Lasarte-Oriak, Euskararen Maratoiaren bederatzigarren edizioan, duela bi urte. Orduan sartu genituen gure alfabetoan ahobizi eta belarriprest hitzak. Rol horiek protagonismo asko izango dute aurtengo erronkan: Euskaraldia du izena, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, Euskal Herri osoan. Lasarte-Orian duela bi urte egindakoa hartu dute abiapuntutzat. 350 herri baino gehiagok eman dute izena honezkero, Euskal Herriko zazpi hiriburuek barne (eta gure herriak, jakina). Helburua: euskaraz hitz egitea egunerokoan, ahal den guztietan, uneoro. Bestela esanda: hizkuntz ohiturak aldatzea, puntuz puntu.
Ezinbestekoa izango da lasarteoriatarren laguntza. Duela bi urteko egitasmoan 2.000 herritar inguruk hartu zuten parte. Euskaraldiaren antolatzaileen helburua da kopuru horiek gainditzea: 3.000 ahobizi eta beste hainbeste belarriprest nahiko lituzkete. Aurreneko parte-hartzaileak gaur lortu dituzte, aurkezpen ekitaldia bukatu bezain pronto apuntatu direlako, plazan zehar jarri dituzten hiru postuetan. Erdal hiztun elebakarrak ez dira sartuko, eta 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahalko dute. "Helduoi dagokigu hizkuntz ohituren aldaketaren protagonistak izatea; ezin dugu karga hori umeengan utzi", adierazi du hamaikakoko kide Rebeka Garzesek.
Hamaikakoa? Ez al zen ba zortzikotea? Duela bi urteko Euskararen Maratoian herriko zortzi pertsona arduratu ziren asteburua dinamizatzeaz. Aurtengo erronkari begira, handitu egin da taldea. Zortzi horietatik zazpik segitzen dute, eta lau "fitxaketa" egin dituzte: Xabi Karril, Larraitz Izagirre, Koro Dominguez eta Fati Serrano. Lehenengo biek txikitatik ikasi dute euskara, eta erabiltzen dute, baina ikusten dute gazteek gehiago erabili beharko luketela, eta bultzada eman nahi diote euskarari. Koro eta Fati, aldiz, euskaldunberriak dira. Beste zazpi kideak ezagutzen ditugu honezkero: Joxe Mari Agirretxe, Estitxu Garmendia, Agus Mujika, Enara Ieregi, Mikel Izquierdo, Rebeka Garzes eta Joxe Mari Azkonobieta. Taldea handitu izana ez da izan arratsaldeko berrikuntza bakarra. Duela bi urte, Ahoa bizi eta belarriak prest eta Safri Duoren doinuak iritsi ziren gure belarri eta bihotzetara. Aurtengo erronkak ere badu musika: Izan Puntu du izena abestiak. Ane Labaka bertsolari lasarteoriatarrenak jarri dizkio hitzak.
Herri bakoitzean osatuko dituzte hamaikakoak. Euskal Herri mailan ere bai. Talde horretako ordezkarietako bat, La Basu abeslaria, gaurko aurkezpen ekitaldian egon da. Igo da oholtzara, hartu du mikroa eskuetan, eta rapeatzeari ekin dio, erritmo ederrean. Dantzan jarri du Okendo, eta baita txaloka ere, minutu batzuk geroago; Euskaraldiaren "inaugurazio txupinazoa" bota du Lasarte-Oriako zerura. Ondoren, herriko elkarte eta eragileak igo dira oholtzara, duela bi urte ospetsu bihurtu zen armairu zuria koloretako puntuz betetzera. Elkarte bakoitzak pegatina bat itsatsi du. Bereziki hunkigarria izan da azkena: Imanol Jimenez zenak espreski konpondu zuen armairu hori, Euskararen Maratoian erabili ahal izateko. Haren familia igo da oholtzara, aurtengo Euskaraldiaren leloa agerian uztera: Izan Puntu.
Lehertu da festa, eta hasi da erronka. Azarotik abendura bitarteko hamaika egun izango dira. Dena den, ordura arte itxaron gabe, hizkuntz ohiturak aldatzen hasi gaitezke, edozein egoera eta unetan, euskara gure ahoetan erabili eta gure albokoen belarrietara bidaliz.