Galeseko Cardiff eta Cambrige unibertsitateko Colin H. Williams izan da lehen hizlaria, eta Galesa sustatzeko egindako ekimenak aurkeztu ditu jendaurrean.
Gutxi dira galesa hitz egiten duten herritarrak; ez dira %20ra iristen, eta datu horien aurrean eskolaren funtzioa “ezinbesteko” ikusten du Williamsek: “hezkuntza sistema da Galesen hizkuntza transmisiorako funtsa”.
Hezkuntatik kanpo ere egin dituzte hizkuntzaren erabilera sustatzeko hainbat eta hainbat ekintza, baina oraindik ere ez dituzte nahi bezalako emaitzak lortu. Dena den, sinetsita dago emaitza hobeak lortuko dituztela, eta horretarako lanean jarraituko dute.
Eguerdian Emuneko Amaia Baldak, Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larreak eta EHUko Zesar Martinezek Bi gehi bi lau ez direnean: herrigintzaren magia. Hamaika gako herritarren aktibazioan ikerketaren berri eman zuten.
Herri aktibazioa lortu duten hainbat esperientzia aztertu eta horiek kontuan izanik, euskararen inguruko aktibazioan eragiteko gakoak eta metodologia proposatuko dute. Oraindik lanean ari dira.
Aztertu dituzten esperientzien artean, Emakumeen Mundu martxa, Astra, Egia edo Lasarte-Oriako 40 eguneko erronka daude.
Esperientzia hauetan talde eragileen garrantzia azpimarratu dute eta honen ezaugarriak azaldu dituzte: heterogeneoa eta kohesionatua. Gainera, hau sortzeko prozesua zaindua eta kontzientea izan behar duela adierazi dute.
Herritarren protagonismoa eta hiztunen aniztasun soziala ere garrantzizkoa jo dute. Hauek ehun soziala sortzeko baliogarri dira eta beste ekimen baten aurrean, aktibatu daitezkeen loturak sortu daitezkeelako.
Aktibazio hori kontzienteki egiteko hamaika gako identifikatu dituzte: behar soziala, oinarri teorikoa, balioa eta bisioa, talde motorra, egitura irekiak eta horizontalak, harremanak, izaera parte hartzailea, babes soziala eta ekonomikoa, helburu ausartak, komunikazioa eta espazioak konkistatzea.
Gako hauek Arrasaten eta Tolosaldean martxan dauden bi esku hartzetan landuko dituzte eta metodologia bat zehaztuko dute guztia aztertu ostean.
Ikerketaren metodologiaren jarraipena eta honen egiten den ikusteko dagoela azaldu dute.
Arratsalderako indarrak hartzeko, Araeta Sagardotegira lekualdatu dira parte hartzaileak. Hamargarren urteurrena ospatzeko, elkarrekin topa egin dute, eta bazkari eder batez gozatu dute gero.
Lauak aldera, Lasarte-Oriako Udaleko Aitor Unanue euskara teknikariak hartu zuen hitza. Armairutik irten ginenekoa: testigantzetatik aurtengo praktiketara hitzaldi laburra eskaini zuen. Bederatzigarren maratoiko Ahobizi eta Belarripresten esperientzien berri eman die jatetxean bildutakoei.
Lehen eguna amaitu aurretik, zenbait sorpresa izan dituzte. Toti Martinez de Lezea idazlearen (nazio mailako hamaikakoteko kidea) bisita izan dute Araetan. Berarekin batera, magia saio labur batez gozatzeko tartea ere izan dute, eta Joaldunen desfile batek itxi du lehen jardunaldia.
Ostirala
Aurreneko jardunaldietan egon zen EHUko irakasle eta ikerlari Pello Jauregi, eta baita aurtengoetan ere. Udaltopen ibilbidea errepasatu du, gogoeta bat plazaratzeko: “Gai izan gara ohitura komunikatiboak aldatzeko; hizkuntza ohiturekin ere gauza bera egingo dugu, ziur”. Hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora hitzaldia eskaini du.
Ohitura horiek aldatzeko lanabes indartsu bat izango da Euskaraldia. Aurtengoa 1.0 bertsioa dela uste du Jauregik: “Ongi dago 2019an egingo dugunaz hitz egitea, epe luzerako perspektiba edukitzea, baina aurtengoa zehaztu behar dugu aurrena”.
Behetik gorako dinamika bat dela dio ikerlariak: aurten, pertsonak inplikatu behar dira, herritarrak; 2019an, entitate eta erakundeak sartu eta eurekin lan egin; eta, bi urte barru, kontsentsu politiko, legal eta ekonomikoa lortu. Behin hori lortuta, goitik beherako dinamika sustatu beharko litzateke, “gurpil birakari” bat.
Eta, 2019an, zer?
“Aurtengo Euskaraldia da lehentasuna, horretara bideratu behar ditugu indarrak”. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkari Estitxu Alkortak bota duen esaldietako bat da. 2018koa garrantzitsuagoa izanda ere, Jaurlaritza hasi da 2019ra begira lanean, Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Entitate eta erakundeak inplikatuko dituzte Euskaraldiaren bigarren fase horretan.
Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek ere hartu du parte Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak hitzaldian. Azaldu du “2018ko abenduaren 3an, edo, bestela, hurrengo egunetan” aurkeztu asmo dutela 2019ko Euskaraldirako proposamen zehatza.