Zatoz eta izan puntu!

Maiatzaren 25ean, 19:30ean, Okendo plazan, 'Lasarte-Oriatik Euskal Herrira. Izan puntu!' ekimenaren aurkezpena egingo du

Aurtengoan Euskal Herrian aurrera eramango den Euskaraldia ez da hutsetik abiatzen. Azken bi urteotan  hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan du abiapuntua; hein handi batean, gure herrian Irten armairutik lelopean aurrera emandako esperientzia indartsuaren  segida dela esan genezake. 2018an Euskal Herri osora zabalduko den egitasmo honek, azken boladan hasi dugun bidea jarraitzea du xede. Horretarako, Euskal Herriko erakunde publiko eta Euskararen Gizarte Eragile guztiek bat egin dute, elkarrekin Euskaraldia antolatzeko.

2016ean Euskararen 9. maratoiaren testuinguruan bizitako esperientzia oso positibotzat baloratua izan zen, bai partaideen bizipenetan eta hizkuntza ohituren aldaketan izandako eraginagatik, baita euskaltzaleen aktibazioak ekarritako herri dinamikengatik ere. 

Gauzak horrela, herritarrak aktibatu eta elkarlan dinamika berriak sortzeko abiatutako lan ildoak hizkuntzaren erabileran proposamen praktikoak egiteko norabidea hartu du. Oraingo honetan, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da lehen Euskaraldia, 11 egun euskaraz lelopean. Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere. 

11 egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Lasarte-Orian ezagunak dira horiek. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. 

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango gara herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatuko dugunak. 

Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde askotako euskaltzale taldeak arituko gara, eta baita elkarte, enpresa zein erakundeak ere.

Lasarte-Oriak ere, nola ez, izena eman du gure hizkuntza ohiturei astindu berri bat emateko esperientzia berri honetan.

Izena emateaz gain, ordea, maiatzaren 25ean, 19:30ean, Okendo plazan, Lasarte-Oriatik Euskal Herrira. Izan puntu! ekimenaren aurkezpena egingo dugu eta bertara etor zaitezen gonbita egin nahi diegu eragile zein herritar guztiei.

Egitaraua

• Euskararen Maratoitik gatoz eta Euskaraldira goaz: hamaikakoaren aurkezpena.
• Euskal Herriko hamaikako kide diren pertsonaia ezagunen bisita.
• 'Izan puntu!' abestiaren aurkezpena.
• Armairuari omenaldia.
• Ekimenean parte hartuko duten herriko eragileen aurkezpena.
• Aurten Ahobizi eta Belarriprest 
izateko izena ematearen hasiera.