Carbayeda kadetea, garaile V. Javier Elorriaga sarian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 18a, 12:45

Caja Rural taldeko Iñigo Altuna herritarrak ezin izan zuen Bidasoako itzulia amaitu, 23 urtez azpiko proban

Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako kadeteak Gaztetxoak Torneoko V. Javier Elorriaga Sarian parte hartu zuten Abadiñon. Beñat Carbayeda garaile izan zen lehen urteko kadeteen lasterketan.
Taldean, baina lasterketa buruan joan zen ibilbide osoan Carbayeda, Goiuriako mendateko jaitsierara arte. Bertan jo zuen kolpea gaztetxo lasarteoriatarrak. Atzean utzi zituen arerioak eta azken kilometroak bakarrik egin zituen.

Ozta-ozta iritsi zen helmugara. Lasterketan zehar jasotako kolpe baten ondorioz, atzeko gurpileko lokailua aterata zuen eta gurpila galtzear egon baitzen.

Bigarren urteko kadete lasterketan, berriz, Asier Pozo eta Markel Aristegik parte hartu zuten. Buruntzazpiko taldeko gazteek ez zuten zorterik izan, eta ezin izan ziren lehen postuetan sailkatu.

Asteburu honetan berriro ere lehian izango dira kadete guztiak.Igandeko Eibarres trofeoa Ikolan Sari Nagusia proban izango da hori.

Bestalde, Iñigo Altuna gazteak  Bidasoako itzulian parte hartu zuen, 23 urtez azpiko Caja Rural taldearekin. 

Lau egunetako proba gogorra izan da herritarrarentzat. Irun eta Irrisarri land arteko lehen etapan erorikoa izan zuen. Horrek tropeleko eta sailkapeneko lehen postuetatik aldendu zuen. Ondorioz, gainerako etapetan taldeko beste txirrindularientzat lanak egin zituen.

Baina ezin izan zuen itzulia amaitu. Azken etapan, Irungo helmugara iritsi baino lehen bizikletatik jaitsi behar izan zuen.