Eskualdeko produktuak sustatzeko, 'Beterri Km0'

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 19a, 11:00

Bertako nekazaritza ekoizpena zirkuitu laburren bidez merkaturatzeko 'Beterri Km0' egitasmoa aurkeztu dute Hernanin. Eskualdeko ekoizleak elkarrekin arituko dira lanean, eta merkatariekin, ostalariekin eta administrazio publikoekin batera sare bat osatuko dute

Bertan ekoitzi, bertan saldu, bertan erosi eta bertan kontsumitu. Helburu horri erantzuteko jarri dute martxan Beterri Km0 egitasmoa Beterri-Buruntzako udalek. Eskualdeko zenbait ekoizlek egiten duten lana ikusgarri egin eta sustatzeko asmoz, hiru urteko ibilbidea du egitasmoak, eta dagoeneko, eskualdeko bederatzi ekoizle daude inplikatuta. Produktu ezberdinak ekoizten dituzte horiek guztiek: barazkiak, frutak, esnea, gazta, arrautzak, oilaskoak, marmeladak eta kontserbak, besteak beste. Datozen hilabeteetan horien jardunaz informatzeko katalogo zabala osatuko dute.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalentzako "balio berezia" du proiektuak, izan ere, lehen sektorea "erdigunera" ekartzea lortu da. Tokiko garapenak behar dituen elementu guztiak barne hartzen dituela azaldu du Jon Zulueta Beterri-Buruntza Udalak-eko lehendakariak. "Lurra, jasangarritasuna, tokikoa, ekonomia eta lanpostuak sortzea dakartza egitasmoak".

Eskualdeko jantoki publiko guztietan ingurumen klausulak ezarri nahi dituzte. Horrela, tokiko administrazioek konpromisoa hartu dute bertako ekoizpena kontsumitu, erabilgarriak diren lur publikoak nekazaritzara bideratu, eta sektorea sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzeko.

Aurrera begirako erronka

Nekazari gehiago bildu nahi ditu Beterri Km0-k. Lehen sektoreko jardun horretara jende gehiago erakarri nahi dute. Hori errazteko, Behemendi landa garapen elkarteak lagunduta, lur pribatu eta publikoak eskuratu nahi dituzte. 

Deia luzatu dute oraindik ekoizle sarera batu ez diren nekazari, merkatari eta hostalari guztiei, bertan izena eman dezaten.

Itsasgarriak

Beterri Km0-ren itsasgarriak jarriko dituzte eskualdeko zenbait jantoki publiko, denda edota tabernatan. Horien bidez, bertan tokiko produktuak kontsumitu ahalko dituztela jakingo dute bezeroek. 

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak www.beterrikm0.eus webgunean bisitatu dezake,  baita ekoizleen inguruko datuak jakiteko ere.