Jarrai dezala jokoak

"Lasarten kuadrila gutxik dute aukera esateko badutela lagun bat futboleko lehen mailan jokatzen". Zenbat aldiz errepikatu ote dugun hori barre artean, poteoan. Ondoren hasten gara asteburuko plana egiten, eta oroitzen gara jokalari profesionala izatearen ordainaz: "Ni ez noa kontzertura. Partida dut Badajozen". Eta hurrengo astean solasaldi bera, eta pareko erantzuna: "Nik ezin dut. Gauean lana dut tabernan".

Orain bi ostegun egin genuen joan den asteburuko plana, bagenekien Iraia ez zela gurekin izango, baina desberdina zen oraingoan. Zer eta Iraia Iparragirre gure laguna, herrikidea, Anoetako futbol zelaian jokatzen, Athleticen aurka. Kuadrilla bazkaria aurrena, pankarta tailerra ostean eta Donostiara. Halako zirrara genuen, ezen presaka sartu ginen futbol zelaian. Pankarta zabaldu eta segurtasunekoak: "Zer jartzen du hor?". Eta guk, harro-harro: "Behingoz Anoeta emakumez beteta".

Eta hala zen. Esango nuke zelaian ez ezik, harmailetan ere bazegoela giro bat, entzuten zirela andreen ahotsak inoiz baino ozenago. Inoiz baino neskato gehiago zegoela partidari begira, adi-adi. Eta konturatzerako pasa ziren 90 minutuak, eta a ze nolako euforia, nahiz eta Athleticek 1-4, irabazi. 21.500 izan ginen azkenean. Umeren batek esango zuen handitan Iraia moduko futbolaria izan nahi zuela.

Joan da astebete, eta apaldu da euforia. Bihar Athleticen aurka jokatzen du berriro Errealak. Horra kontraesanak. Aparretatik jaitsita, inor joango al da Lezamara? Anoetan elkartutako 21.500 lagunok gogoratuko al gara astelehenean Iraiak lanera joan beharko duela? Gogoratuko al gara aparteko emakume hauen lan baldintza eskasez? Garaipena izan zen Anoetakoa, baina badago zer hobetu. Jarrai dezala jokoak.