Ideia "xume" batetik hasi zen proiektuak hamar urteko ibilbidea bete du aurten. Ostegun goizean ekin diote aurtengo Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuetako topaketari, eta gaur eguerdira bitarte 270 pertsona bildu ditu Lasarte-Orian. Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak izenburua eman diote aurten. Goizeko 09:00etan eman diote hasiera, eta erakundeetako ordezkariak izan dira oholtza gainean hitza hartzen lehenak.
Jesus Zaballosek ireki du jardunaldia, eta "harro" agertu da kultur etxeko aretoan hainbeste jende ikusteaz: "Pozik nago, uste dudalako denon artean abiatu dugun ekimen hau ona dela". Zaballosek ekimena egoki ikusten du euskararentzat, alor askotan. Batetik, beti euskaraz hitz egiteko ohitura duten milaka euskaldunentzat. Bestetik, nahiz eta euskaraz egiteko ohiturarik ez izan, euskaraz zer edo zer dakien eta gehiago egin dadin parte izan nahi dutenentzat. Baita oraindik euskara jakin ez, baina noizbait ulertzera iritsiko diren beste euskal herritarrentzat ere.
Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik hartu du hitza gero. "Oso harro" agertu da hasierako ideia "xumea" proiektu bihurtu delako, eta dagoeneko hamar urteko ibilbidea osatu duelako. Nabarmendu du urte horietako lana ez dela erraza izan, baina elkarlanean sinesten dute, eta horrela egin dute hamar urtez.
Euskaltzaleen Topagunea
Euskaraldiarekin bete-betean murgilduta dabil Euskaltzaleen Topagunea, eta egoeraren erradiografia egin du Elena Laka lehendakariak. "Lurralde bakoitzaren testuingurua kontuan hartuta, euskararen lurralde guztietara zabaltzen ari da Euskaraldia". Egitasmoak "harrera ona" duela gogorarazi du, eta, gainera, euskaltzaeleen artean "ilusioa eta gogoa" sortu duela.
Orain gizarte osora zabaltzeko erronka dute, eta guztien artean lortuko dutela ziur da.
Ahaldun Nagusi Markel Olanok eman dio amaiera goizeko lehen ekitaldiari, eta Lasarte-Oria ekarri du gogora: "Gipuzkoako herri askotan ernatzen hasi zen mugimenduak, Lasarte-Orian hartu zuen indar eta izaera berezia".
Erakundeen ostean, Galesko testigantzaren berri izan dute ikus-entzuleek. Colin H. Williams Cardiff eta Cambrige Unibertsitateko ohorezko irakasleak Galesen gizarte aktibaziorako eta hizkuntza ohituren aldaketarako bideen berri eman du.
Bazkalostean, udaleko Euskara Batzordeko teknikari Aitor Unanuek Armairutik irten gineneko: testigantzatik aurtengo praktiketara? hitzaldia eskaini du. Gaur jarraituko du topaketak.