Hautetsiak eta adituak, kultura demokratikoari buruz eztabaidan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 15a, 10:43
Gipuzkoako Aldundiak 'Gipuzkoarren kultura politikoa 2017' txostena aurkeztu du Lasarte-Orian, Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko hautetsiez gainera, ingurukoak ere hurbildu dira saiora, aditu eta beste hainbat eragilerekin batera. Lanaren balorazioa egin dute gero.

Hausnarketarako eta elkarrizketarako saioa izan da. Gipuzkoako Batzar Nagusiak 2016an enkargatu zuen lurralde historikoko kultura politikoa aztertzeko txostena. Hori amaituta, emaitzen berri ematen ari da aldundia orain. Lau hitzaldi egitekoak dira horretarako, “bailaretara eta herrietara prozesua eramateko”, Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan. Lehen hitzaldia Lasarte-Orian egin dute.

Diputatu nagusiaz gainera, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo alkate eta zinegotziak izan dira kultur etxean. Baita Maribel Vaquero ere, aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria. Horrez gainera, hainbat aditu ere gonbidatu dituzte. Hain zuzen, saioaren helburua txosten horien emaitzak aztertu eta baloratzea izan da.

Aldez aurretik nabaria zena baieztatu du txostenak: gipuzkoarrek politikarekiko duten atxikimendu falta handia da. Halere, interesa agertzen dute, gehienek pentsatzen baitute bizimoduan eragiten diela.

1.500 inkesta inguru egin dituzte; %85ek uste dute hobetu egin behar dela gizartearen eta Foru Aldundiaren hartu-emana. "Erakundeen eta herritarren arteko harremana estutu behar da", esan du Olanok. Bizikidetzarako giltzarria da hori, haren esanetan: "Urte luzeetan biolentziak mugatu du ekimen soziala eta politikoa, gure herrietan ez zegoen debate politiko normalizaturik indarkeriak, beldurrak eta inposizioak elkarrizketa normalizatua zapuztu duelako".

Aztiker Soziologia Ikerguneak egin du ikerketa, eta Asier Etxenikek azaldu ditu emaitzak. 2009an gazteekin egin zuten antzeko lan bat izan dute oinarri, alderaketak egiteko.

Bada, azken urteetan Mendebaldeko gizarteetako joera errepikatu da Gipuzkoan: indibidualismoa. Halere, badaude datu baikorrak, kapital sozialari dagokionean: "Konfiantza dugu inguru sozialarekiko. %53k uste dute pertsona gehienengan konfiantza izan daitekeela. Europa iparraldeko datuen antzekoa da", azaldu du Etxenikek. Esaterako, Suedia, Finlandian eta Norvegian %60-65ekoa da konfiantza soziala. Frantzian eta Espainian, ordea, %20-25 ingurukoa. Horren erakusgarri dira elkarteak. Gipuzkoarren erdiak baino gehiago dira elkarteren bateko kide, eta ia %40k boluntario lana egiten dute.

Beste datu interesgarriak ere utzi ditu txostenak: politikagintzarekiko ikuspegi negatiboa dute gehienek. Hala ere, Etxenikeren ustez ez da "guztiz txarra" datu hori. “Sentimendu negatiboa uzten du, baina bederatzi urtean indiferentzia gutxitu egin da. Badago nondik tira".

Oro har, herritarrek demokrazian sakontzea eskatzen dute, baina desberdindu egiten dute EAEren eta Espainiaren artean. Autonomia erkidegoarekiko poztasun maila %60koa da. Espainiarekikoa, aldiz, %20koa.

Bestetik, erabakitzeko eskubidearen inguruan zalantzarik ez dago Gipuzkoan, gehiengo zabala (%75) baitago alde. Haatik, erdiak baino zertxobait gutxiagok (%48) egingo lukete Euskal Estatuaren aldeko hautua.

Datuak aurkeztuta, taldeetan banatu eta eztabaidari ekin diote bertaratutakoek. Balorazioak eta proposamenak egin dituzte ondoren. Alderdi ezberdinetako hautetsiek, adituek eta eragile sozial eta ekonomikoek jardun duten demokraziaren inguruan. Ez dira beti ados jarri, ertz asko ezkutatzen baititu kultura demokratikoa kontzeptuak; ikuspegiaren arabera aldakorra izan daiteke. Herritar batek eginiko hausnarketa da: "Jendea erakarri nahi duzue politikara zilegitasun gehiago izan dezazuen. Nahi duzuena egiten duzue beti".