Keinu eta puntuetatik, emozioetara

Keinu eta puntuetatik, emozioetara
Beste urte batez, herritarrek ez dute hutsik egin eta kultur etxea bete dute, Udaberriko Bertso saioaz gozatzeko. Ane Labaka, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiok egin dute kantuan. Aurten, antzerkiarekin uztartu dute bertsolaritza: Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako hainbat ikaslek ere hartu dute parte, ekitaldi fresko eta originala sortuz

Aurtengo Udaberriko Bertso saioa iragartzeko elkarrizketan, ekitaldiaren antolatzaile Joxe Kruz Labakak aipatzen du oso gustura etortzen direla Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña Lasarte-Oriara, bertsotan egitera. Udaberriko hainbat bertso saiotan hartu dute parte honezkero (eta beste batzuetan ere bai). Desberdina da ekitaldia, originala, freskoa, eta bertsolariek eskertzen dute. Atzokoan antzerkia eta bertsolaritza ezkondu zituzten antolatzaileek; keinutik puntura aurrena, eta, ondoren, keinu eta puntuetatik, emozioetara. 

Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña aritu ziren bertsotan. Uxue Loinazek egin zituen gai-jartzaile lanak, baina baita emanaldian zehar parte hartu zuten antzezleek ere. Gazte zein heldu, euren onena eman zuten oholtza gainean, eta orotariko gaiak proposatu zizkien bertsolariei. Maitasun eredu tradizionalari buruz abestu zuten Labakak eta Egañak, bi kupido izango balira bezala: kadukatuta ote dago maitasun eredu hori? galderari erantzun behar izan zioten. Familiako kideen arteko harremanak ere jorratu zituzten: amona bati loteria tokatzen zaio (edo hori uste du), eta bilobak orduan hurbiltzen dira berarengana, interes hutsagatik. Amona eta bilobaren rolak hartu zituzten Lujanbiok eta Labakak. Beste esketx batean, fabrika bateko langileak eta nagusia irudikatu zituzten antzezleek. Esketxean erabilitako hainbat hitz sartu behar izan zituzten euren bertsoetan: lana, zama eta banana, besteak beste.

Kartzela saioan, froga bat planteatu zuten antolatzaileek: antzezle talde bat eszenatokira irten, esketxa egin, eta bertsolariak ikusitakoaren arabera abestu behar zuen gero. Hiru aritu zirenez atzo, hiru bider antzeztu zuten Kukukako kideek. Andoni aurrena, Ane gero, eta Maialen, azkenik. Antzezlanean, emakume bat da protagonista: lan eskaintzak begiratzen ari da egunkarian. Senarrak, ordea, ez du begi onez ikusten hori, eta umiliatu egiten du, esanez berak etxean soilik egin behar duela lan. Emakumeak, nazka-nazka eginda, erabakitzen du eskutitz bat idaztea gizonari, esanez badoala etxetik. Kuriosoa izan zen esperimentua, antzezlan bera izanda ere, bertsolari bakoitzak era desberdin batean jorratu zuelako gaia. Saioa bukatu aurretik, oholtzatik jaitsi eta publikoaren artean aritu ziren koplatan hiru bertsolariak, giro ederrean.

Antzerkiaren bitartez gaia jartzearen eta ondoren bertsolariek abestearen eskema behin baino gehiagotan errepikatu zen, baina bestelako ikuskizunez ere gozatu zuten ikusleek. Esate baterako, Intza Alkain zein Bea Egizabalen bakarrizketez, eta baita Ane Huizi, Mailu Arruti eta Miren Egizabalek osatutako hirukoak eskainitako esketx dibertigarriaz. Hiru amona izango balira bezala, eszenatokira sartu, eta bat-batean, bertsolariak altxata zirela, euren eserlekuak hartu zituzten, bertsolariak batere gabe utziz. Gaueko irudi kuriosoenetako bat izan zen hori.

Ia bi orduz uztartu zituen bertsolaritza eta antzerkia Udaberriko Bertso saioak. Ziztu bizian pasa zitzaien denbora kultur etxera bertaratutakoei, emanaldia ona eta mamitsua izan zenaren seinale. Atzokoaren (eta azken urtekoen) arrakasta ikusita, antolatzaileak honezkero gogo betez daude datorren urtekoa antolatzeko.

Argazki galeria