Igerilari gazteak, bikain azken jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 10a, 18:00
Kirol Zehaztasun Ligako eta alebin Ligako azken jardunaldiak lehiatu dira asteburuan, Hernaniko kiroldegian. Ederki lehiatu eta lehen postuetan egon dira gaztetxoetako batzuk. Bestalde, Ainhoa Martin, berriz, Espainiako selekzioarekin lanean egon da zortzi egunez

Kirol Zehaztasun Ligako eta alebin Ligako azken jardunaldiak lehiatu dira asteburuan, Hernaniko kiroldegian. Buruntzaldea IKTko txikiak bertan izan dira eta batzuk lehen postuetan sailkatu dira.

Benjaminek lau estiloetako eta tximeleta erako probak egin zituzten. Hauen artean azpimarratzekoak dira,  2007 urteko 200 metro lau estiloak proban  Nahia Goenaga bigarren sailkatu zen, Nahia Lacunza seigarren izan zen eta Miren Sarobe berriz, zazpigarren. Tximeleta erako 100 metroetan, Nahia Goenaga, Nahia Lacunza eta Ane Mateos izan ziren partehartzaile bakarrak. Proba berean, Iker Gorostegui bosgarren izan zen eta Jon Pelayo seigarren. Errelebuetan, neskek hirugarren postua lortu zuten.

Alebinei dagokionez, iraupen ertaineko edo lau estiloetako probak izan zituzten alebinek. Errelebu gisa, 8 x50 metroko lau estilo mistoa izan zuten.

Estilo libreko 400 metro proban, nabarmentzekoak dira 2006 urteko mailan Izaro Audikanak eginiko 6:46,39 marka. Sailkapeneko bosgarren postua eskuratu zuen. Bere atzetik, seigarren postuan, Leire Lavaud izan zen 6:35,66 denborarekin eta Nerea Irazu jarraian, zazpigarrenean 6:40,66 markarekin. 2005 urtean jaiotakoen artean, Nora Imazek “sekulako” 400 m. proba egin zuen, kronoa 5:06,80an geratuz eta lehen postuan nabarmen sailkatuz.

Tximeleta erako 200 metrokoan Eneko Elizasu bakarrik atera zen bere seriean eta hirugarren postuan amaitu zuen 2:54,29 eginez. Eneko bera nagusi izan zen 100 metro lau estilo proban eta Unax Goenaga laugarren izan zen proba honetan. 2006 urteko Nerea Irazu hirugarren sailkatu zen eta 2005ean jaiotakoen artean Nora Imaz berriro ere nagusi izan zen. Adin eta proba honetan Udane Azkarate bosgarren izan zen.

Ez dute denboraldia amaitu ordea, benjaminek Eskola mailako Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute igandean, Azpeitian. Alebinetako batzuk berriz, Euskadiko Kirol Jokoetan izango dira hemendik bi asteetara.

Ainhoa Martin, berriz, zortzi egun egon da Espainiako selekzioarekin lanean. Ekainaren 7tik 9ra Erroman ospatuko den "Tiro a Volo Nuoto Meeting 2018" nazioarteko saria prestatzeko saioak egin ditu gaztetxoak.

Murtziako Los Alcazares Errendimenduko Zentruan uretako eta lehorreko saioak egin ditu. "Epe labur eta ertainera baliogarriak izango direlakoan gaude, baita entrenamenduko bestelako ohiturak hartzeko ere," adierazi du Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Ekainaren 4an berriro ere Espainiar taldearekin bilduko Ainhoa.