Herritarrak aktibatzeko dinamikak abiatuko ditu Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 8a, 11:46
Herritarren Sareak hainbat ekintza antolatu ditu eskualdean datozen asteetan, "herritarrak aktibatzeko". Presoen urrunketaren aurka eta haien eskubideen alde lan egiten du taldeak. Lehen ekitaldia Lasarte-Orian izango da, ostiral arratsaldean

ETAk azken agiria kaleratu zuen joan den astean, bere ibilbidea amaitutzat emateko. Halere, oraindik lan asko dago egiteko, gatazkaren ondorioak konpontzeko baitaude. Euskal presoen gaia da horietako bat; etxetik urrun daude asko eta asko, eta ez dira haien eskubideak errespetatzen. Lau urte dira Sare sortu zela, hain zuzen eskubide horiek defendatzeko helburuz. Horretarako,  "herritarren aktibazioan" sinesten du taldeak. Hainbat  ekitaldi prestatu dituzte datozen asteetarako, presoen errealitatea ezagutaratzeko. 

Lasarte-Orian izango da lehena, ostiralean, Okendo plazan, 19:00etan. Errezitaldi kulturala egingo dute, herriko presoen egoeraren berri emateko. Egun lau lasarteoriatar daude kartzelan, denak Euskal Herritik urrun. 

Motxiladun haurrak
Hurrengo egunean, larunbatean, Hernanin egingo dute ekitaldia, gaztetxoekin, hain zuzen, motxiladun haurrekin. Espetxe politikaren eraginez gurasoren bat, edo biak, urruneko kartzela batean dituzten haurrak dira horiek. Ikastetxeekin elkarlanean eginiko egitasmoa da . Porrotx pailazoarekin margotze saioa egingo dute. Lasarte-Oriako bi haur daude egun egoera horretan. Kilometro asko egin behar dituzte astero-astero haien gurasoak denbora tarte labur batean ikusteko.

Eskualdeko herritarrek batera egingo dute hurrengo asteko ekimena, maiatzaren 20an. Lau herrien arteko gune batean bilduko dira, Santa Barbaran. Lasarte-Oriatik 10:30ean aterako dira eliza ondotik. Hurrengo ekitaldiak eskualdeko gainerako herrietan egingo dituzte. Esaterako, Joseba Azkarragak hitzaldia emango du hliaren 24an, Urnietan. Andoain eta Usurbilen Sare Herritarraren aurkezpena egingo dute, baina data ez dute oraindik finkatu.

Urnietan egin du prentsaurrekoa euskaldeko Sare Herritarrak, ekimenen berriemateko. Urruntze politikaren amaiera, eta gaixo dauden presoen kaleratzea eskatzen dute, besteak beste. "Askotariko ahotsek eta pentsaerek" osatzen dute elkartea.