Paperean idatzitako istorioak, oholtzara

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 6a, 22:12
Etxeko gaztetxoenek larunbat arratsalde ederra pasa dute Manuel Lekuona kultur etxean. Mons Dansa konpainiaren 'Wabi Sabi' ikuskizunaz gozatu dute

Marrazkilari, idazle eta poetek, behin betiko marrazki, liburu eta poesiak plazaratu baino lehen, hamaika zirriborro eta istorio eramaten dituzte paperera. Mahai gainean geratzen dira horietako asko, zortea baldin badaukate; zaborrontzira joaten dira beste asko, zimurtuta, tolestuta. Paperezko istorioak dira. Kontakizun horiek oholtza gainera eramaten ditu Mons Dansa konpainiak, Wabi Sabi ikuskizunean. Etxeko txikienek primeran pasa dute antzerkiarekin, larunbat arratsaldean, Manuel Lekuona kultur etxean.

Paperetik sortzen diren istorioak topatzeko ideia abiapuntutzat hartu, eta hainbat euskarri erabilita (dantza, bideoak, magia eta umorea), oraindik "amaitu gabe" dauden bi pertsonaien istorioa kontatzen du ikuskizunak. Ez dira perfektuak, ez dira behin betiko lan horretan azalduko diren pertsona idealak, baina lortu dute paper horretatik, ahanzturatik ihes egitea. Lurrean botata edota paperontzian topatzen dituzte istorioak jasotzen dituzte orain, haiekin jolastu eta bizitza berri bat emateko.