Txiki geratu da Azkorte

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko mai. 6a, 21:22
Eguraldi ezin hobea lagun, hainbat herritar igo dira Azkorteko ermitara, maiatzeko lehen igandeko erromeriaz gozatzera. Mezak, erromeriak, musikak, dantzak eta herri kirolekin, egitarau erakargarria prestatu du Ttakun KEk

Ohetik altxa, pertsiana igo, kortina kendu eta hara: eguraldi paregabea. Hainbat plan egiteko aukera ezin aproposagoa. Esaterako, mendira joateko. Hala egin dute hainbat lasarteoriatarrek: maiatzeko aurreneko igandeko erromeriaz gozatzera joan dira Azkorteko ermitara. Gehienak, oinez, botak jantzi eta makilak eskuetan. Adineko pertsona ugari joan dira baita ere, autobusez. Txiki geratu da Azkorteko ermita gaur goizean.

Hasteko, fededunek ermita bete dute, meza entzuteko. Ondoren, hamaiketakoa egitera atera dira: Ttakun KEren postuan, sagardo freskoa, txorizo eta haragi egosi pintxoak, txokolatea...ez zen ezer falta. Biyak Bat adinekoen egoitzako kideek ere jarri dute postu bat: patata tortilla ogitartekoak eta freskagarriak banatu dituzte. 

Indarrak hartu eta gero, abesteko eta dantzatzeko ordua, Ttirriki-Ttarrakako musikarien eskutik. Eta, ondoren, goizeko ekitaldi nagusia: herri-kirolak. Mugertza anaiak aritu dira batetik, aizkorarekin. Harrijasotzaileak ere egon dira presente: Izeta IV.a (Hodei Iruretagoiena) eta Mikel Lopetegi Urra, 21 urteko promesa gaztea. Hainbat proba egin dituzte: Ugaitz eta Aratz Mugertza anaiek enbor bana moztu behar izan dute, ahalik eta aizkorakada gutxien emanez. Zaharrak (Ugaitzek) irabazi du: 55 aizkorakada behar izan ditu. Anaia gazteak, bat gehiago. Harrijasotzaileek pisu desberdinetako harriak altxa dituzte, behin eta berriro. Erronkarik erakargarriena azkena izan da: bi talde osatu dituzte kirolariek: zaharrak gazteen aurka. Ehun kiloko bola bosna aldiz altxa behar izan dute harrijasotzaileek, eta enborrak mozten hasi dira gero aizkolariak. Horrela jardun dute hainbat minutuz, aizkorak eta harriak utzi eta trontzak mozteko zerrak hartu bitartean. Zaharrek lehenago bukatu dituzte euren lanak, eta abantaila polita hartu dute trontzarako. Gazteak gogotik saiatu dira, baina ezin izan dute zaharrak baino lehenago bukatu. Urtzi Telleriak egin ditu aurkezle lanak. Kirolariei animoak emateko eskatzeko erabili du mikrofonoa, batez ere.

Herri-kirolen erakustaldia bukatu eta gero, Ttirriki Ttarrakako kideak igo dira berriro oholtzara, eta erromeria girotu dute berriro ere. Bat baino gehiago animatu da dantza egitera, giro ederrean. Biribila izan da aurtengo erromeria; ezin zen gehiago eskatu. Askotan huts egiten duen elementuak, eguraldiak, lagundu du gaurkoan ere. Eta guztiek eskertu dute.

Argazki galeria