Lasarte-Oriako kultur ondarea gordetzeko asmoz, elkarteen urtekaria argitaratu zuten iragan urtean Danok Kide elkarteak eta udalak. Etorkizunean herriaren historia eskuragarri izateko asmoz, Sustraiak eta Hegoak liburuxkaren bigarren alea kaleratu berri dute.
Elkarteen jardueraren berri ematea "erabilgarria" izatea nahi du udalak; "zabaltzen duen informazioak balio dezala herri batek bere oroimena bizirik mantentzeko", azaldu du Jesus Zaballos alkateak.
39 elkarteren partehartzea jaso du aurtengo urtekariak, eta guzti horien ekarpenari esker Lasarte-Oria "aberatsagoa, hobea eta biziagoa" egiten dela nabarmendu dute.
Elkarte sare aberatsa Lasarte-Oriako bereizgarri dela ere ekarri du gogora Jesus Mari Egizabal Danok Kide elkarteko kideak: "sare horren bere inguruan sortzen duen jardueraren erakusgarri da urtekaria". Horrekin batera, urtekarian parte hartu duten elkarteei eskerrak eman dizkio, baita argitaratzea posible egin dutenei ere.