Ostadar SKTko erregional mailako taldeak finalerako bideari hasiera emango dio asteburu honetan, final laurdenekin. Zortzi talde sailkatu dira fase honetarako; Ostadar hirugarren izan da ligan. Kanporaketa honetan Grupo Eme Oiarso SKT, seigarren sailkatua, izango du aurrez aurre.
Lehen partida larunbatean, maiatzak 5ean, 16:00etan, Errenterian jokatuko dute. Buelta hilaren 13an izango da, Maialen Chourraut kiroldegian.
Talde urdin-beltzak badaki zer den Errenteriako taldea garaitzea. Izan ere, lehen faseko ligako bi partidetan gailendu da Lasarte-Oriako taldea: 42-61 eta 52-40.
Ander Otaegik zuzentzen duen taldea gaztea da, lehen urteko eta bigarren urteko seniorrak daude. Finalerdietara iristea dute helburu.
Horregatik, kanporaketa honetan garaipenaren bila indartsu aterako dira kantxara. Lehen partidan garaipena erdietsiz gero, etxean defendatu beharko dute finalerdietarako saikapena.