Goi tentsioko lineari baimenik ez emateko eskatu diote udalari

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 3a, 15:31
Herritarren gehiengoaren nahia errespetarazteko, eta linea eraikitzeko lizentziak ukatzeko sinadura bilketa egin dute

Erraustegia eraikitzeko lanak hasi dira, baina herriko eragileek mobilizatzen jarraitzen dute, azpiegiturak inguruan ahalik eta kalte gutxien sor dezan. Lasarte-Oriako Aire Garbiak deituta, sinadura bilketa hasi dute, udalari eskatzeko erraustegiak behar dituen goi tentsioko linearako baimenik eman ez dezan. Hain juxtu, udaletxe atarian azaldu dituzte horretarako arrazoiak. 

Aire Garbiako Ricardo Ortegak aurkeztu du ekitaldia, eta Landaberri Gurasoen Elkarteko Miren Zalduak eta LABeko Jon Martinek irakurri dute manifestua. 
Hondakinak erreko dituen egiturak funtzionatu dezan, ezinbestekoa da 132 kilovoltioko linea konektatzea. Horretarako, linea orokorrarekin lotu behar da, Hernani-Azpeitiakoaren arteko adar baten bidez.

Landa eremuetatik barrena
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren aurreikuspenen arabera, Lasarte-Oriako lurzoru eraikiezinetatik pasako da linea, eta zazpi dorre eraikiko dituzte,  horietako bost Babes Bereziko Landa eremuetan. Lurra mugitu, zuhaitzak moztu, landaredia desagerrarazi eta lurzorua okupatu beharko dute horretarako, besteak beste. Ondorioz, ingurunearen pasaia ezinbestez aldatuko da. 

Zuhaitz autoktonoen eremuetatik hurbil eraiki nahi dituzte dorre horiek. Haritzak, haltzak, gaztainondoak, lizarrak pagoak, hurritzak, elori zuriak, gorostiak, elorri beltzak... dauden lekuan.   "Zuhaitzak mozteak eragin larri eta errekuperaezina ekarriko luke, ez bakarrik landarediaren ikuspegitik, baita bertako faunaren ikuspegitik. Eragin paisajistikoa ahaztu gabe; azpiegitura iraun bitartean luzatuko da", adierazi du Zalduak. Gainera, zuhaizti horiek dira Lasarte-Oriak dituen bakarrenetarikoak. 

Erraustegiaren aurkako mobilizazioa handia da herrian, azken urteetan ekitaldi asko eta jendetsuak antolatu baitituzte. Zalduak ohartarazi duenez, Jesus Zaballos alkateak berak "behin baino gehiagotan" onartu du herritarren gehiengoa proiektu horren kontra dagoela. "Alkate jaunak esan izan du lasarteoriatar guztien alkatea dela, eta guztiei zor diela bere burua, eta, horregatik, gehiengoaren nahia beteko duela, nahiz eta bestelako iritzia eduki berak". 

Hain zuzen, sinatzaileek eskatu diote alkateari "hitza betetzeko". Alegia, udalaren jabetzako lurzoruetan goi tentsioko linea pasatzeko baimenik ez emateko, eta linea egiteko lanen lizentzia ukatzeko.