Aparkatzea da Lasarte-Oriako herritarren kezka nagusia. Horixe erakusten dute behintzat udalak egindako inkestek. Hori dela eta, alkatetzak hartu ditu hainbat neurri: Arranbideko aparkalekua egokitzea; alokairuko plazak eskaintzea Okendo, Tajamar eta Michelingo lurpeko aparkalekuetan; Aterpeako dendetan erosten dutenentzat deskontuak lortzea; eta, azkenik, Iñigo de Loiola eta Uistin kaleetan autoentzako leku gehiago jartzea. Edonola ere, proposamen gehiago jaso nahi ditu udalak, eta, horregatik, parte hartzeko prozesua abiatu du. Herritarrek postontzian jasotako gutun batean egin ahalko dituzte eskariak, eta maiatzaren 2tik 18ra bitartean helarazi udalari.
Jesus Zaballos alkateak aurkeztu du ekimena, Lourdes Acevedo Herritarren Parte Hartzeko zinegotzia eta Jose Maria Urdanpilleta Zerbitzu Publikoen arduradunarekin batera.
Modu horretan, herritarrek idatziz proposatu ditzakete hobekuntzak. Udalak eraikin publikoetan dituen postontzietan utzi beharko dute gutun hori, hilaren 18a baino lehen. www.lasarte-oria.eus webgunean ere parte hartu daiteke. Izen-abizenak jarri beharko dituzte parte hartzaileek; izan ere, derrigorrezkoa da Lasarte-Orian erroldatua egotea.
Proposamenen galbahea
Behin herritarren ideiak jasota, txosten bat osatuko dute, eta Zerbitzu Publikoak sailari igorriko diote. Teknikariek banan- banan aztertuko dituzte, eta bideragarriak ez direnak baztertu. Besteentzako aurrekontua prestatuko dute, "lehentasunaren" arabera zerrendatzeko. "Kostuaren eta gehituko diren aparkaleku kopuruaren arabera erabakiko da, eta pixkanaka hurrengo aurrekontuetan txertatuko dira", azaldu du Zaballosek. Neurriak kosturik ez badu, "berehala" egingo dute.
Aparkatzearen inguruko azterketa enkargatu du udalak. Horren arabera, Lasarte-Oriako egoera ez da hain txarra. "Loidi Barren auzoa eta zentroa izan ezik, gainerako zonalde guztietan aparkalekuen superabita dago". Haatik, askotan kontzientziazio falta dago. "Garajea duten askok kalean uzten dute autoa erosoago zaielako batzuetan".