Argi izpi bat Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 29a, 14:05

Ostadar Erregional Preferenteak dena eman du Mundarroren aurka, eta hiru puntu baliotsu lortu ditu (1-0). Partida oso fisikoa jokatu dute hasieratik. Mailari eusteko itxaropena ez dute galdu; bi partida geratzen zaizkie denboraldi kaskarra salbatzeko

Ez da esperotako denboraldia egiten ari Erregional Preferenteko Ostadar SKT. Baina sailkapeneko azken postuetan itota egon arren, ahalegin betean da nola edo hala mailari eusteko. Eta oraindik bada itxaropenik. Michelinen jokatu du taldeak Astigarragako Mundarroren aurka, larunbatean. Zerua hodeitsu, laino gris ilunek estalita. Baina ez du ekaitzarik bota azkenean. Ivan Ruizek kontraeraso azkar batean buruz gola sartzean argitu du Michelin. Nahiz eta partidako azken uneetan estu ibili, markagailuari eutsi eta hiru puntu baliotsu eskuratu ditu etxeko taldeak.  

Hil ala biziko partida zuen Ostadarrek; garaipena lortu ezean, 1. Erregionalera jaistera kondenatuta. Arriskatzera behartuak, Asier Aizpurua eta Ander Rekondoren mutilek dena eman dute hasiera-hasieratik. Horren adierazgarri, lehen minutuetan jaurtitako korner bat: ia talde guztia aurkariaren area barruan. Baloiak Mundarroren sarean amaitu du laugarren minutuan, baina epaileak baliogabetu du gol hori, atezainari falta egin dietelakoan. Harmailak haserre erantzun du.

Edonola ere, Ostadarrek ez du etsi. Aurrelariek goian presio egin, eta Mundarro ez da apenas bere zelaitik atera. Lan gutxi izan du Iker Hernando atezainak, lehen zatian nagusi izan baitira etxekoak. Hegalak aprobetxatuta min egin dute lasarteoriatarrek; aukerak sortu dituzte Egoitz Rodriguezek, Ivan Ruizek eta Julen Bermejok, baina ez da iritsi merezitako saria. 

Buruz gol bakarra
Kontraeraso batean etorri behar izan du golak. Zelai erdian baloia lapurtu, ezkerreko hegalera pase luzea, eta Sergio Masaren erdiraketa buruz sareratu du Ruizek. Jokalariek bakarrik ez, zaletuek ere arnasa hartu dute gola ospatu ostean. 

Mundarro erreakzionatzen saiatu da, baina urruneko falta batzuetan arriskua sortu arren, ez du defentsa gehiegi larritu. 

Amaiera eskatzen 
Halere, lehen zatian eginiko esfortzu fisiko handiak eragina izan du bigarrenean. Indartuta atera dira Astigarragakoak; goran ez du horrenbeste presio egin Ostadarrek, eta lasaiago jokatu du Mundarrok. Eta aukera gehiago ere sortu ditu. 

Aldaketak baliatu dituzte Aizpurua eta Rekondo entrenatzaileek, taldeari arnasa emateko. Baina beherakada nabarmena izan da. Hegaletatik kontraerasoan min egiten jarraitu dute lasarteoriatarrek, baina ezin izan dute bigarren gol batekin partida itxi. Harmailetan urduri begiratu diote erlojuari, harik eta azkenean epaileak amaiera adierazi duen arte. 

Urrezko hiru puntu dira Ostadarrentzat, baina ezinbestekoa izango du egindako esfortzu handiari jarraipena ematea geratzen diren bi partidetan.