Epe luzera begirako lanek ematen dituzte fruituak. Beltzak Errugbi Eskolaren adibideak ezin hobeto erakusten du hori. Lasarte-Orian harrobia sortzeko abiatu zuten eskola orain urte batzuk, eta zaletasuna piztearekin batera, emaitza ikusgarriak lortzen ari da. Gaur goizean 18 urtez azpiko taldeak Euskal Liga irabazi du, Elorrio-Durangori finalean 25-19 gailenduta. Espainiako txapelketa jokatuko dute orain.
Partida gogorra izan da. Babyauto Zarautz-Beltzak RT beste finalista baino hobeto sailkatu da ligan, eta, beraz, finala etxean jokatzeko eskubidea irabazi zuen. Harmailak lepo egon dira Zarauzko Astin, eta 700 bat pertsonak eztarria utzi dute animoak ematen.
Talde indartsua da ere Durango Elorrio. Baina abiadura aprobetxatuz lehen hiru entseguak etxekoenak izan dira; horietatik bi transformaketa asmatu dituzte. Eta, horrenbestez, 19-0 jarri dira denbora gutxian.
Halere, gutxi iraun die lasaitasunak. Bi entsegu eta beste horrenbeste transformaketa lortu dituzte bizkaitarrek; 19-14 hurbildu dira markagailura.
Zigor kolpeetan erakutsitako abileziak erabaki du partida. Bi asmatu dituzte etxekoek, eta Durango-Elorrioren beste entsegua ez da nahikoa izan partidari buelta emateko (25-19).
Edonola ere, kanpotarrek ez dute amore eman. Izan ere, entsegu bat emendatzea nahikoa zuten finalari buelta emateko.
Pozarren ospatu du Babyauto Zarautz-Beltzak. Halere, mutil horiek badakite zer den Euskal Ligako txapeldun izatea. 16 urtez azpikoak zirela ere eskuratu zuten txapela. Lasarte-Oriako harrobiko zazpi jokalarik jokatu dute finala.
Haatik, ez da bukatu errugbilarien denboraldia. Hurrengo asteburuan Sant Cugat del Vallesera (Katalunia) bidaiatuko dute, Espainiako txapelketan lehiatzera. Zortzi talderen artean erabakiko da irabazlea larunbata eta igandea bitartean.