Eromenaren aurkako sendagaia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 27a, 22:28

Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Okendo plazan, Zambra, Erketz, Kukuka eta Plaza Dantzaren eskutik. "Nazioen mugak ezabatzen ditu dantzak".

Ariketa fisiko soila baino askoz gehiago da dantza. Musikaren laguntzarekin, sentimenduak adierazteko tresna ere izan daiteke. Beste gauza askoren artean. Dantzatzearen garrantziaz oroitarazi dute ostiral arratsaldean. Izan ere, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Okendon. Eguraldiak mehatxu egin arren, ez da oztopo izan ekitaldia kalean ikusteko, eta jende ugari bildu da plazara. Tartean ume asko. Askotariko ikuskizunak izan dira, herrialde ugaritakoak.  "Mugak ezbatzen" baititu dantzak, manifestuan irakurri duten moduan. Eta horixe erakutsi dute, amaitzeko denek batera dantzatu baitute. Ekitaldiko argazkiak hemen daude ikusgai. 

Zambraren sevillanak eta buleriak; Erketzen makil eta alpargata dantza; Kukukaren gipuzkoarrak, arrantzaleak eta fandangoa; eta Saharako dantza ere bai. Ordubetez dantzarien mugimenduek eta koloreek hartu dute plaza, eguzkia ezkutatu den arte. Berez, hilaren 29an da nazioarteko eguna, baina aurreratzea erabaki dute, jai egunak direla eta. 

Manuel Lekuona kultur etxean hasi dute ekitaldia. Kalejiran joan dira Okendo plazaraino, Kale Nagusitik igarota. Dagoeneko hor zituzten itxaroten ikus-entzuleak. Bata bestearen atzetik eskaini dituzte emanaldiak, ordu betez. Manifestuaren ordua iritsi da gero. Urtero koreografo batek idazten du; Lasarte-Orian Miren Zalduak irakurri du, Landaberriko Gurasoen Elkartekoak. "Dantza egitea eromenaren aurkako sendagaia da". 

Denak batera dantzan, eta mokadutxoa janez amaitu dute ekitaldia. Baina ez dantza egiteaz. Urte osoan jarraituko dute gorputza astintzen, alai bizitzeko modu erakingorra da eta.