Eskaintza kultural zabala maiatzean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 30a, 11:00

Argazki erakusketa, dantza, zinea, Udaberri festa, jardunaldiak… maiatza ekintzaz betea dator

Udal arduradunek maiatzeko kultura agenda aurkeztu dute. Arlo guztietako ekintzak izango dira hilabete honetan Manuel Lekuona eta herrian. Horien guztien artean aipagarriak dira Aterpea eta Erketz EDTren urteurrenetako ekintzak.

Aterpea Merkatari elkarteak 25. urteurreneko ospakizunekin jarraituz hainbat ekitaldi eramango ditu aurrera. Maiatzaren 14tik 19ra lasarteoriatarrek mende laurden honetan elkarteak egin dituen ekintzen argazki erakusketaz gozatu ahalko dute Antonio Mercero gunean.

Asteburu horretan ere, maiatzak 17-19, urtero antolatzen duen Udaberri festa. Aurten aurkezpenean aurreratu legez, festa kalera atera eta herriko plaza guztietan izango da ekintzarik: musika, haurrentzako tailerrak, parrillada…

Erketz EDTek bere 50. Urteurrenaren barruan, ohikoak bihurtu diren bi hitzordu garrantzitsu egingo ditu maiatzaren 26an eta 27an: IV. Dantzari eguna eta XXX. Dantzari Txiki eguna.

Proiekzioak

Honez gain, zinema eta proiekzio digitalen denboraldiari amaiera emango dio Udalak maiatzeko lehen asteetan.

Maiatzaren 4an, ostirala, Okendo Zinema taldearen eskutik, "Cuando dejes de quererme" filma eskainiko da.

"Petter Rabit" eta "Una razón brillante" filmak ikusi ahako dituzte haur eta helduek, hurrenez hurren, maiatzaren 6ko zine saioetan.

Opera garaiari amaiera emateko, G. Pucciniren "La Bohème" ikusiko dute maiatzaren 9an, Manuel Lekuonara hurbiltzen diren herritarrek.

Eskaintza zabala

Euskarak, antzerkiak, dantzak eta bizikidetzak ere izango dute bere tartea hilabete honetako agendan.

Maiatzaren 5ean, familia guztiari zuzendutako "Wabi-Sabi" dantza emanaldia eskainiko du Mons Dansa konpainiak.

Dantzarekin jarraikiz, Udal dantza eskolako ikasleek maiatzaren 30ean ikasturte amaierako emanaldia egingo dute.

"Keinutik puntura" Udaberriko bertso saio berezia maiatzaren 12an izango da. Aurten antzerkia eta bertsolaritza uztartuko dira honetan. Bertsolariak, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Ane Labaka izango dira. Gai jartzaile lanetan Uxue Loinaz izango da.

Maiatzaren 14an, bizikidetzari buruzko jardunaldiak izango dira Manuel Lekuonan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekintza honetan, politiko eta herritarren arteko solasaldia bilatzen da.

Bestalde, Udaltop jardunaldiak hamargarrenez egingo dira Manuel Lekuonan. Aurtengoan, Euskara zerbitzuetako teknikariek Euskaraldian eman beharreko pausoei buruz hausnartuko dute.

Azkenik, Lasarte-Oriako Literatura lehiaketan parte hartzeko epea ireki dela gogoratu dute. Era berean, haurrak eta batez ere herritarrak animatu dituzte honetan parte hartzera, “aurten helduen mailan Lasarte-Oriako saria eta sari nagusiko zenbatekoa berdindu dugu eta”.