Osasuna ardatz hartuta, herritarrentzat jardunaldiak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 27a, 12:30

Bigarren Osasun Jardunaldiak erakusleiho baliagarri izan dira herritarrentzat; hainbat jakintza eskuratu dituzte

Osasun Jardunaldiak antolatu ditu Aterpea merkatarien elkartea bigarren urtez. Eskaintza zabala izan dute lasarteoriatarrek osasunaren inguruko jakintzak eskuratzeko. 

Astelehenean hasita, zorriei aurre hartzeko aholkuak, hortzetako protesi kengarriak nola zaindu, eta buruko larruazalerako olio esentzien bidezko terapien  inguruko ezagutzak bildu dituzte herritarrek, besteak beste. 

Asteartean, berriz, Oihana estetika aretoak Medesec eta Dermapunt metodoen inguruko hitzaldiarekin ireki zuen jardunaldia. Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan eskaini du jardunaldia estetika zentroko arduradunak, eta beste zenbait azalpenen artean, gorputz zein aurpegiko zimurrak nola lantzen dituen azaldu die bertaratutako bezeroei. 

Amaia Olondris podologaren txanda izan da gero, eta astearteko azken osasun jardunaldia Noelia Calero osteopatia zentroak eskaini du. 

Gaur Salto Gelan 

Gaur izango da aurtengo Osasun Jardunaldien barruan antolatutako azken saioa. Salto Gela Psikomotrizitatean, 0 eta 2 urte arteko seme-alabak dituzten familientzat topaketa bat egingo dute. Jarduera horretan seme-alabak jaio ostean zein aukera dituzten ezagutuko dute. Saio guztiak doakoak izan dira.