Ari da gerturatzen Santa Krutz eguna, eta hasiak dira prestatzen Azkorten erromeria egiteko. Urtero moduan, lasarteoriatarrek eguneko txangoa egingo dute ermitara.
Santa Krutz eguna maiatzaren 3an izango da, baina herritarrek igandean, hilaren 6an, egingo dute igoera. Eguraldiak laguntzea besterik ez da falta.
Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalaren eta herriko hainbat talderen laguntzarekin antolatu du erromeria. Urtero moduan, jai giroak ez du hutsik egingo. Herri kirolak zuzenean ikusteko, eta Ttirriki-Ttarraka eskolako lagunen doinuak entzuteko aukera izango da.
Festa 11:00ak aldera hasiko da. Lehenago, ordea, Ama Birjinaren ohorezko meza emango dute ermitan. Urnietako apaiz Xabier Murua izango da errezoa gidatzeko arduraduna.
Bukatutakoan, Ttirriki-Ttarraka taldeko kideek girotuko dute erromeria. Izango da, beraz, gerria astintzeko aukera. Hamaiketakoa egin aurretik eta ondoren, trikiti eta pandero soinuek alaituko dute goiza, erromeria batean beste modu batera ezin izan zitekeenez.
Herri kirolak
Halere, trikitilariek eta pandero jotzaileek izango dute atsedenalditxo bat, herri kirol emanaldiak iraun bitartean. Harrijasotzaileak eta aizkolariak izango dira ikusgai, ermita aurreko espazioan. Telleria anaiak harriarekin arituko dira, eta enborrak mozten, berri, Mugertza anaiak.
Edatekoa eta jatekoa ez da faltako Azkorten. Dantzan galdutako indarrak berreskuratzeko, odolkia, txorizoa, salda beroa eta edariak izango dira salgai inguruan jarriko duten tabernan.
Autobusa
Azkortera gerturatzeko bi modu egongo dira. Oinez ibilalditxoa eginez, edo autobusean. Antolatzaileek oroitarazi dute autoak debekatuta izango dutela bide horretatik zirkulatzea, eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute.
Autobus zerbitzua 09:00etan hasiko da, Biyak Bat erretiratuen egoitza aurreko geltokian. Jaitsiera ere autobusez egin ahalko da. Erromeria amaitu artean egongo dira autobusak erabilgarri.